Ane Atxutegi usansolotarra, ETB-1eko ‘Harri Herri’ saioko lehiakide
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
ETB-1eko ‘Harri Herri’ saioaren bigarren denboraldia hasi zen duela aste batzuk eta emakumezkoen bigarren finalaurrekoa atzo izan zen. Honetan, besteak beste, Ane Atxutegi usansolotarrak parte hartu zuen, Ulia taldearekin. Finalera sailkatzea lortu al zuen?
Harri-jasotzaileen taldeak lehian jartzen dituen ‘Harri Herri’ saioaren bigarren denboraldia hasi zen duela aste batzuk ETB-1en. Astelehenero eskaintzen dituzte programak eta atzo, apirilak 29, beste bat ikusteko aukera izan zen.
Honetan, emakumezkoen bigarren finalaurrekoa lehiatu zen, Ergobia eta Ulia taldeen artean. Azken honetan Ane Atxutegi usansolotarrak parte hartu zuen, 63 kiloko zilindro zaharraren kategorian, Sara Jimenezen kontra.
Usansolotarrak 17 aldiz jaso zuen harria eta bere aurkariak aldiz 20, hortaz, txanda galdu zuen. «Ez dut izan beti dudan segurtasuna. Nire harria izan da, beti erabiltzen dudana, baina ez gara egon etxean. Hori antzeman dugu harriak eta biok eta ez gara ondo moldatu», azaldu zuen Atxutegik lehiatu ostean.
Emaitza orokorrean ere Ergobiak irabazi zuen eta hortaz, talde hau izango da Mollarriren aurkaria emakumezkoen lehiako final nagusian.