Angel Zubieta, Argentinan arrastoa utzi zuen futbolari galdakoztarra
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Marcos Tedin Uriburu, Buenos Airestik
Angel Zubieta futbolari galdakoztarra Argentinara abiatu zen 1939an. Bertan talderik nagusienetako baten idolo bilakatu zen. Hamahiru denboraldi eman zituen San Lorenzon eta, bere omenez, zaleek mural bat eskaini zioten.
Buenos Aireseko Boedo auzoko kaleetatik ibiliz gero, Doblas kalean euskaldunak poztuko dira etxe bateko horman margotutako ikurrin erraldoi bat ikusteaz. Ikurrin horren erdian, urdin-gorriz jantzitako lagun bat azaltzen da: Angel Zubieta Redondo.
Galdakaon 1918an jaiota, Zubieta futbolari bikaina izan zen gaztetatik. Izan ere, 17 urte zituela debuta egin zuen Athleticen. Erdilari gisara aritzen zen, eta kazetariek goraipatzen zituzten zelaian zeuzkan argitasuna eta zehaztasuna. Bilboko taldean bi denboraldi eman ostean, 1937an Euskal Herritik alde egin zuen Agirre lehendakariak sortutako Euzkadi izeneko selekzioarekin batera.
Gerra Zibilaren garaian, galdakoztarra munduan zehar ibili zen Euskal Herriko selekzioarekin. Europatik buelta bat emanda, jokalariak Mexikora abiatu ziren, eta bertako txapelketan hartu zuten parte urte batez. Gerra amaitu zenean, taldea desegin zen eta jokalari batzuek Amerikan geratzea erabaki zuten, euren artean, Zubietak.
Galdakoztarrak Argentinara egin zuen bide, Buenos Airesera, hain zuzen. 1939an, San Lorenzo taldeak kontratatu zuen eta zaleak berehala maitemindu ziren erdilariaz. «El Vasco» ezizena ezarri zioten, eta garrantzi handia hartu zuen klub urdin-gorrian bai zelaian bai zelaitik kanpo ere. Berak gomendatu zuen, adibidez, Isidro Langara pasaitarraren fitxaketa, klubeko golegilerik nagusienetako bat bihurtuko zena.
1946an, Argentinako txapeldunak izan ziren urdin-gorriak, eta Zubieta taldearen kapitaina izan zen. Txapelketa eskuratu ostean, San Lorenzok bira egin zuen Espainia eta Portugaletik, izugarrizko emaitzak lortuz: 6-1 eta 7-5 Espainiako Selekzioari, eta 10-4 Portugaleko Selekzioari, besteak beste.
Dagoeneko, hain maitatua zen Zubieta, non klubeko zuzendaritzak Galdakaon lagunarteko partida bat jokatzeko aukera oparitu zion, bere amak zelaian ikus dezan. CD Galdakao eta urdin-gorriak Santa Barbaran neurtu ziren, eta bertakoak gailendu ziren 4-1eko emaitzaz. Bira historika horretan, Zubietak bi gol egin zituen.
Guztira, galdakoztarrak 13 denboraldi eman zituen San Lorenzon. Urdin-gorriz jantzita partida gehien jokatu zituen laugarren jokalaria da: 353 norgehiagoka. 29 gol sartu zituen eta txapelketa bakar bat irabazi zuen, 1946koa.
Gaur egun, San Lorenzo Argentinako bost talderik handienetako bat da. Hainbat txapelketa irabazi ditu, ezizen asko ditu, —Cuervo, Matador, Azulgrana, Ciclón—, baita idolo ugari ere: munduko txapeldunak, Europako futbolean arituak, gol ahaztezinen egileak… Gaur egun, esan liteke —eta esango dugu— Argentinako talderik handienetako baten idolorik nagusienetako bat galdakoztarra dela, eta ikurrin bat du eginda bere omenez Euskal Herritik hamaika mila kilometrora, Argentinako hiriburuan, Buenos Aireseko Boedo auzoan.