Arantza Gallastegi ETBko Ur Handitan saioan izan da, futbolaz eta epaile emakume izateaz
Berdintasuna
BINKE / 2022ko apirila
Arantza Gallastegi ETBko Ur Handitan saioan izan da, futbolaz eta epaile emakume izateaz
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Euskal Telebista
Futbola eta emakumea lotu ditu martitzen honetako Ur Handitan saioak ETB-1en. Tartean Irene Paredes eta Ainhoa Tirapuren neurriko futbolari ezagunak izan ziren telebista-saioko protagonista, baina baita Arantza Gallastegi epaile galdakoztarra ere.
ETB-1eko Ur Handitan saioak gai sakonak jorratu ohi ditu, gogorrak askotan eta oihartzuna izaten dutenak gehienetan. Matxismoaz, gerraz, suizidioaz edo minbiziaz aritu da azken martitzenetan Xabier Madariaga gidari duen telebista-saioa. Aste honetako atalean aldiz, emakumeak eta futbola izan dituzte hizpide kirol diziplina honetako zenbait emakumek, Arantza Gallastegi futboleko epaile galdakoztarrak tarteko.
Nolakoak dira emakume futbolariak? Trabarik izan al dute emakume izateagatik? Zein da beraien egunerokotasuna? Zeintzuk dira beraien kezkak? Hilaren 19ko «Futbola baino gehiago» atalean galdera hauei erantzun zieten Irene Paredes Bartzelona klubeko jokalari legazpiar ezagunak, Euskal Herriaren historiako emakumezkoen lehen futbol partida jokatu zuten Almudena Urizarrek eta Marisa Gorrotxategik; eta hauen ostetik saioan zehar etorri ziren beste hamaika emakumek: Ainhoa Tirapuk, Garbiñe Etxeberriak, Maddi Torrek, Garazi Muruak… eta, besteak beste, Arantza Gallastegi galdakoztarrak ere.
Emakume bat futbolean epaile jarduteaz aritu zen galdakoztarra, eta «gaur egun askoz normalagoa bada be, orain gutxi arte futbol zelaira iristen zinanean jendeak sorpresaz» hartzen zituela onartu zuen saioan. Hala ere, komunikabideetan emakumeen futbola agertzeak mesede egin eta «gure lanerako mesedegarria» dela adierazi zuen.
Elexaldeko futbol zelaian grabatutako elkarrizketan, orain hiru urte Gallastegik berak sufritutako pasarte matxista bat kontatu zuen: «Kadete mailan epaile nenbilela, aita batek «¡vete a fregar!» oihukatu eustan; partidua gelditu neban, zelaiko ordezkaria abisatu eta aita hori kanporatzea eskatu neban».
Arantzari ordea, esaldiak berak min handirik ez ziola egin onartu zuen kameraren aurrean, «baina 15-16 urte bitarteko mutil gazteen artean nengoan eta keinu hori hezkuntzaren ikuspegitik hartu neban, mutilek be ulertzeko futbola gure mundua ere badana», azpimarratu zuen, eta gaia itxi argi esanez: «Horrelako komentarioak eta jarrerak onartzen badoguz, antzeko jarrerei bide emoten deutsiegu».
Elkarrizketa berean, Arantza Gallastegik «epaile profesional izatera bakarrik dedikatzea gustatuko» litzaiokela ere aitortu zuen Ur Handitan saioan: «Oso zaila da lan bat ondo egitea, beste bi lan buruan badituzu». Horregatik pauso hori ematea eskatu zuen ETB-1eko saioan, «emakume epaileen lana be hobea izateko».