ARGAZKIAK | Frantziako Tourra Galdakaotik igaro zen unea 40 iruditan batu dugu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Frantziako Tourraren lehen etapa Bizkaiko hainbat herritatik igaro zen atzo, tartean Galdakaotik. Ehundaka zale batu ziren goi mailako txirrindulariak ikusteko, hauetako asko Elorritxuetako maldan. Han izan zen Binke 40 argazki hauek batzeko.
Frantziako Tourra. Munduan jarraitzaile gehien dituen hiru kirol proben artean dago, gizonezkoen futbol Mundialarekin eta Joko Olinplikoekin batera. Baina besteak lau urterik behin antolatzen diren bitartean, Tourra urtero antolatzen da.
Atzo lehiatu zen aurtengo edizioaren lehen etapa, Bilbon hasi eta han ere bukatuz eta tartean Bizkaiko hainbat herritatik igaro zen. Etaparen irabazlea Adam Yates izan zen.
Galdakaotik ere aritu ziren goi mailako txirrindulariak, ibilbide polita eginez. Larrabetzutik heldu, Gumuzioko biribilgunetik sartu eta Padrolatik igo ziren txirrindulariak. Jarraian, Elorritxueta errepidetik igo ziren.
Elorritxuetako maldan ehundaka zale batu ziren txirrindulariak animatzeko. Banderak, mozorroak eta jantzi koloretsuak ikusi ahal ziren errepidean zehar. Han izan zen Binke argazki hauek batzeko.