Beñat Armentia eta Iñigo Larrea: «Asko gozatu genuen sortzaile berriak ezagutzen»
Beñat Armentia eta Iñigo Larrea, Koarentena Artistikoko sortzaileak
BINKE / 2020ko maiatza
«Asko gozatu genuen sortzaile berriak ezagutzen»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Konfinamenduan hasi eta berehala sortu zen ekimen ederra gure herrietan, etxeko orduak arintzeko asmoz: Koarentena Artistikoa, Galdakaoko, Usansoloko eta inguruko artistak batu zituen «jaialdia».
Binkeren kolaboratzaile dira Iñigo Larrea eta Beñat Armentia, eta konfinamendua arintzeko, itxialdiaren lehenengo 25 egunetan Koarentena Artistikoa antolatu zuten Binkeren bitartez. Horren inguruan aritu gara eurekin.
Nondik etorri zitzaizuen ekimena sortzearen ideia? Espainiar estatuan zein Euskal Herriko hainbat txokotan halakoak egiten zeudela ikusi bezain pronto, iruditu zitzaigun herri mailan egiteko aukera egon bazegoela, eta buelta handirik eman gabe lanari ekin genion.
Zein zen hasierako asmoa? Hasiera-hasieratik ekimen honen helburu nagusia etxean asperturik zegoen jendea entretenitzea izan da. Hala ere, argi geneukan zuzenekoen bidez beste helburu batzuk ere lor genitzakeela; hala nola, euskal hizkuntza eta kultura sustatzea.
Espero zenuten halako harrerarik? Bagenekien eskaintza oso erakargarria izango zela, eta argi geneukan hortik eta arrakastara beste pausu bat dagoela, noski. Baina, hasieratik sinestarazi genion buruari proiektuak bazuela erakargarritik asko, eta zorionez hala izan zen.
Baduzue ekimenaren inguruko daturik? Hilabete inguru aritu ginen egunez egun ekimenarekin eta datu zehatzik ez izan arren, badakigu 100 saiotik gora eskaini genituela (lau emanaldi desberdin zeuden egunak barne). Ikusleen kopuruak gora-behera handiak izan zituen, baina gutxi gorabehera gehiengoa 50 ikusle izatera heltzen zen. Azpimarratzekoa da ere batek baino gehiagok ehun ikusle izan zituela zuzeneko bakar batean.
Ekimenak izan du eraginik? Bai, noski. Hasiera batean jada herrian aski ezagunak ditugun horietaz baliatu ginen arren, apurka-apurka izen berriak azaltzen joan ziren. Guk asko gozatu genuen batez ere sortzaile berriak ezagutzen.
Ordea, 25 egun jarraian egin ostean, gauetik egunera «laster arte» esan eta desagerrarazi egin zenuten «jaialdi birtualaren» Instagrameko kontua. Zergatik? Atzetik lan handia egin behar izaten genuen, hasieratik erabaki baikenuen eguneroko eskaintza izango zela, eta amaierara arte hala izango zela. Hala ere, jada hiru aste pasa eta gero pilatuta genuen nekea, eta batez ere, hainbeste egunon ondoren jendeak bizi zuen higadura emozionala medio, ez ginen gai ikusi egitasmoarekin jarraitzeko. Gure ustez momenturik egokienean eman genion amaiera.
Baduzue bueltatzeko asmorik? Formatu digitalean ez gero, proiektu hau zegokion testuinguruan egin baikenuen, egun ez diogu zentzurik ikusten. Baina, argi daukagu ekimen honek hausnarketarako bidea erakutsi digula, gure zorionerako. Honi esker ikusi baitugu ez dugula Alemaniara edota Honolulura jo beharrik herriari kalitatezko eskaintza kultural bat erakusteko, adibidez. Hurrengo pausua emanaldi hauek digitalean beharrean, formatu fisikora pasatzea litzateke, eta hala, herritarroi erakustea lau pareten artean mugatzen diren zaletasun hauek badirela —eta bagarela—. Berrogeialditik aurrera, gure helburu nagusia herriko plazak bete, eta herriari bizitasuna ematea izango da.