Calathea: «Torrezabalen lehenengoz jotzea esperientzia itzela izan zen»
Calathea musika taldea
BINKE / 2021eko urria
«Torrezabalen lehenengoz jotzea esperientzia itzela izan zen»
Iraganeko rock eta hardcore doinuak uztartzen ditu sortu berri den Calathea musika taldeak. Kultur Plazaren baitan izan zuten haien burua aurkezteko aukera, eta horrekin batera beste zenbait gai izan ditugu eurekin hizpide.
Ari da zerbait loratzen Galdakaoko musika eszenan, eta badatoz apurka talde berriak. Noiz eta nola sortu zenuten zuena? Duela nahikotxo izan zen. Galdakaon, Musika Eskolako ikasleak ginela, irakasleak Igorri —bateria— eta Asierri —gitarra— batera jotzeko batu gintuen. Aurrerago, Iñigo —baxua— ikastolako gelakidea proiektura batu zen. Talde bat sortu nahian, hainbat aldaketa izan ditugu, bidean zenbait taldekideen joan-etorriaren ondoren, Alberdiren —abeslaria— etorrerarekin taldea finkatzea lortu dugu, Calathea izenarekin.
Zelan ulertzen duzue zuek herriko musika eszena? Galdakaon musika talde apartak daudela ikusi daiteke, estilo desberdinetakoak gainera. Baina, egia esan, azken urte hauetan pandemia dela medio, mugimendua ez da handia izan. Hemendik aurrera, egoera hobetzen doan heinean, herriko taldeak berriro ere berpiztea espero dugu.
Nola azalduko zeniokete entzun ez zaituzten bati nolakoa den egiten duzuen musika. Inork azaleratu nahi ez dituen sentimenduak gure barneko forma gordinenean oihukatzen duen musika da gurea. Eta ez bakarrik ahotsetik, baita akorde, bateria kolpe eta bihotz taupadetatik kanpoaldera eramanda ere. Gure estiloa deskribatu beharko bagenu, hainbat inspirazio iturri ditugula esango genuke. Post rock-etik hasi, post hardcore-etik pasa, eta melodic hardcore-era arte.
Eta honetarako, aldez aurretik izango zenuten erreferentziarik, ezta? Calatheak erakusten dituen bi aurpegietan influentziak nahiko nabarmenak dira. Alde batetik, gure aurpegi lasaian, post rock influentziak ditugu, Viva Belgrado handiena izanik. Bestetik, melodic harcore/post hardcore aldean, alderik pisutsuenean, Counterparts talde kanadiarra eta Meltdown hernaniarra ditugu erreferentzia.
Kultur Plazaren barruan jotzeko aukera izan zenuten, eta hau izan zen zuen lehen kontzertua. Ondo? Kultur etxean jotzea esperientzia itzela izan zen. Eskertu beharra dugu Galdakaoko Udalak eman zigun aukera, izan ere, ez genuen espero taldea eratu bezain laster, kontzertu bat eskaintzeko aukera izango genukenik, eta are gutxiago gure herrian bertan izango zenik.
Eta aurrera begira, zer? Helburuak ditugu, bai epe laburrean zein epe luzean. Gure nahia orain, kontzertuak ematea da, gure izena apur bat zabaltzea, Euskal Herriko hainbat herritan. Oraindik ezin dugu ezer esan, musika kaleratzeko gogo handia dugu baina ez dugu inolako epe ez datarik jarri nahi, estimua baizik.