Carlos Palomino 16 urteko antifaxista neonazi galdakoztar batek hil zuen, gaur 15 urte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Sareetatik jasota
Azaroak 11 dituela bete dira hamabost urte Josue Estebanez militar neonaziak Carlos Palomino 16 urteko antifaxista Madrilgo metroan hil zuenetik. Galdakoztarra da izatez hiltzailea, eta urteurren honetan ari da hain justu, bere lehenengo baimenaz gozatzen. Galdakaoko Udalak hilketa kondenatu gabe jarraitzen duela salatu du Sare Antifaxistak, eta orduko zein egungo Udal Gobernuekin hitz egin du Binkek.
Josue Estebanez militar neonaziak adingabe antifaxista bat hil zuen 2007an Madrilgo metroan, Carlos Palomino gaztea. Bada, Estebanez galdakoztarra da jaiotzez. Hilketatik bi urtera 26 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten arrazoi ideologikoengatik eta homizidio saiakeragatik. Orain, krimenaren 15. urteurrenarekin eta biktima omentzeko asteburu honetarako aurreikusita dauden hainbat ekitaldirekin bat etorrita, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak lehen baimena eman dio Estebanezi.
Carlos Palominoren lagun eta senideek hilabeteak daramatzate aste honetan antolatuko diren jardunaldiak prestatzen. Krimenaren urteurrenean, gaur bertan, manifestazioa egingo dute Madrilen. Charles metroan hil zuten bihotzean sastada bat emanda 16 urte besterik ez zituenean, duela 15 urte.
Galdakaoko nazia Democracia Nacional alderdi neonaziaren manifestazio arrazista batera zihoan Carlosekin eta bere lagunekin topo egin zuenean Madrilgo metroan, domeka goiz batean. Ez zuten hitzik trukatu. Militarrak, orduan 23 urte zituenak, adingabeari eraso egin zion bihotzean sastada hilgarri bat emanez eta bere lagun batzuk zaurituz, horietako bat larri. Epaiketa bi urte geroago egin zen, mobilizazio antifaxista ugariz inguratuta, eta krimen neonazi bati diskriminazio ideologikoagatiko astungarria aplikatzea lortu zen lehen kasua izan zen galdakoztarraren kontrakoa. Biktimaren gurasoak 150.000 eurorekin indemnizatzera ere kondenatu zuten.
Ikusteke dago Josuek, 15 urte kartzelan egin ondoren, bere kide ohiek adingabe bat hiltzeagatik eman dioten «heroi» papera aldarrikatzen jarraitzen duen edo ingurune horri erabat muzin egiten dion, haren ideiak eta gorrotoak espetxera eraman baitzuten. Une honetan Josue kalean dago, emandako baimena amaitu arte. Orduan Villabonako (Asturias) espetxera itzuli beharko du.
Zer du Galdakaok esateko?
Gaur, azaroak 11, Carlos Palomino adingabeko antifaxista galdakoztar batek hil zuenetik 15 urte pasa direnean, Euskal Herriko Sare Antifaxistak «Galdakaoko Udalak isilik jarraitzen duela» aldarrikatu du sare sozialetan, «erailketa hura oraindik kondenatu gabe». Gainera, plataforma antifaxista berak adierazi du «ez duela baztertzen Estebanezek Galdakao bisitatzea egunotan».
Galdakaoko Udalak, bere aldetik, oraindik ez du heriotz honen aurreko adierazpenik egin. Hala ere, esan barik doa, une honetan dagoen Udal Gobernuak ez duela zerikusirik orain 15 urtekoarekin; ez agintean dagoen alderdiaren ezta orduko udalbatzako zinegotzien aldetik ere ez.
Estebanezek Palomino erail zuen urtean, 2007an, Joseba Escribano zen Galdakaoko alkate. Berarekin hitz egin du Binkek, eta alkate ohiak aitortu ez zutela horren berririk izan: «Gogoratzen dut Palominoren kasua, baina Udalera ez zen iritsi hiltzailea galdakoztarra zenaren daturik, zuen bitartez izan dut horren berri, orain». Bestela, jakinez gero, «noski kondenatuko genukela neurri horretako basakeriarik», nabarmendu du Escribanok.
Hala ere, Estebanez militarra zela diote Espainiako komunikabide gehienek. Militarra bazen, ziurrenik ez zen Galdakaon biziko, hurbilen Mungian —bertan baitako kuartel militar bakarra— edo Espainia aldean bestela —militarrak egoitza duten kuartelean baitaude erroldatuta—. Horrela arrazoitu daiteke bestela ez Escribanok, ez garai horretako Galdakaoko Udaleko hainbat zinegotzik neonazi honen berririk ez izatea. Horregatik Joseba Escribanok ere bere buruari galdetu dio: «Akaso Galdakaon jaiotakoa izango zen? Baina ez dut uste Galdakaon bizitza egin duenik madarikatu horrek, behintzat ez dugu ezagutzen».
Egungo Udal Gobernuak ere ez du horren berri izan Binkeren deia jaso arte. Gaia aztertuko dute.