EGITARAUA | Euskararen Eguna ospatzeko bost ekintza antolatuko dituzte Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Traka Matraka konpainia
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta honekin bat egingo du Galdakaok aurten ere. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte Udalak eta herriko eragileek, eta hemen batu dugu egitarau osoa.
Aurten ere abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Galdakaoko Udalak. «Gure hizkuntzaren erabilera zaindu eta sustatzeko beharra aldarrikatzeko eguna da eta helburu horiek bat datoz Galdakaoko Udalak herrian euskararen erabilera bultzatzeko helburuz hartutako neurriekin», adierazi dute Udaletik.
Ospakizunetara batzeko egitarau zabala prestatu ohi du Udalak eta aurten ere horrela egin du, Udal Euskaltegiarekin, Musika Eskolarekin, Bagabiz elkartearekin, AEK Euskaltegiarekin, Berbalagunekin eta Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegiko eskolekin elkarlanean.
Era berean, efemeride hori Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat datorrenez, Galdakaok egun hau ere ospatuko du, ohi denez. Maximo Moreno Musika Eskolako ikasle ezgaituen taldeak musikaz alaitutako kalejira egingo du, ikastetxetik bertatik abiatuta eta gaztainakada batekin amaituko dena.
Hau da abenduaren 3rako prestatu duten egitarau osoa:
10:00 Matraka Nan Non Troppo ipuin kontalaria, Aperribai eskolan
10:30 Mintzodromoa, Iturrondo plazako karpan: Euskaltegiko ikasleek; Berbalagunek; Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegiko ikasleek; Bagabiz elkarteak eta nahi duten herritarrek parte hartuko dute
18:00 Haurrentzako tailerrak eta Urreta be bai poteoa, Urreta auzoan
18:45 Maximo Moreno Musika Eskola kalejiran, eskolatik bertatik abiatuta
19:00 Monologoak: Asier Galarza, Esti Curiel, Julen Pagazaurtundua eta Amaia Ruiz de Galarretaren eskutik, Iturrondo plazako karpan