EH Bildu izan da alderdi bozkatuena Galdakaon Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EH Bildu
EH Bilduko Iñigo Hernandok Galdakaoko alkate izaten jarraituko du bigarren legegintzaldi batez, atzo 5.383 boto jaso ostean. Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, 5.176 botorekin. Albiste honetan jaso ditugu foru-hauteskundeetako emaitzak.
Atzo, maiatzak 28, antolatu ziren foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Binkek jaso zuen moduan, EH Bilduko Iñigo Hernandok irabazi ditu hauteskundeak udalerri mailan eta bigarren legegintzaldi batez alkate izaten jarraituko du.
Foru-hauteskundeei dagokienez, EH Bildu izan zen ere alderdi bozkatuena Galdakaon. Herritarrek 5.176 boto eman zizkioten Iker Casanova EH Bilduko hautagaiari, botoen %35,94.
EAJ-PNV izan zen bigarren alderdi bozkatuena 5.140 botorekin, PSE-EEk 1.874 boto jaso zituen, Elkarrekin Podemosek 999, PPk 764 eta Voxek 5. Gainontzeko alderdiek 144 boto jaso zituzten guztira.
Bizkaian orokorrean EAJ-PNVk irabazi zituen Batzar Nagusietarako hauteskundeak 23 kide lortuz eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia izango den lehen emakumea izango da. Bigarren izan da EH Bildu (15 biltzarkide), hirugarren PSE-EE (8), laugarren PP (3) eta Elkarrekin Podemosek 2 lortu ditu.
Aurreko foru-hauteskundeen emaitzekin konparatuz, EAJk 2 kide galdu ditu eta EH Bilduk 5 irabazi.