EH Bilduk hauteskundeetarako programa herritarrekin prestatzen jarraitzen du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EH Bildu
Herritarrekin batera prestatzen ari da hauteskundeetarako programa Galdakaoko EH Bildu. Gandasegin batu zen Iñigo Hernando alderdiaren alkategaia auzokideekin eta bihar, martxoak 23, Ganekogorta bilgunean antolatuko dute bilera herritarrekin.
Galdakaoko EH Bildu auzokide eta elkarteekin batzen dabil aste hauetan zehar, udal hauteskundeetarako programa prestatzeko helburuz. Alderdiak herritarrak entzun nahi ditu eta horretarako hiru saioko zikloa antolatu du. Honetan Iñigo Hernando alkatea eta kanpaina osoan zehar lagunduko dion hauteskunde-taldea izan dira.
Martxoaren 9an Gandasegin izan ziren, ingurune bizigarriagoa eta iraunkorragoa izenburuko saioan. Honetan, iraunkortasunaren, ingurumenaren eta auzoen berritzeare inguruan eztabaidatu zuten parte-hartzaileek.
Pasa den eguenean, martxoak 16, Gandasegin izan zen berriz Iñigo Hernando herritarrekin batera. Kasu honetan «galdakoztar guztiei aukera-berdintasuna nola bermatu, etxebizitza irisgarriagoa izateko zer egin eta herritarren parte-hartzea nola sustatu» hausnartu zuten.
Ziklo honetako azken saioa bihar, martxoak 23, izango da, ‘Herri bizi eta kohesionatua’ izenburupean Ganekogorta bilgunean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da besteak beste, kultura, kirola, memoria historikoa, feminismoa edo euskara uztartuko dituzte.