Eskola materiala erosteko dirulaguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: S. M.
Galdakaoko familiek eskola materiala erosteko dirulaguntzak jasoko dituzte ikasturte honetan. Irailetik azaroaren 15era bitartean Galdakaoko saltokietan erositako eskola materiala ordaintzen lagunduko du Udalak.
Galdakaoko Udalak herrian erroldatuta dauden familiak laguntzeko ekimena jarriko du martxan lehen aldiz: eskola materiala erosteko dirulaguntzak. Udal Gobernuaren esanetan, helburuak «hezkuntza jarduera sustatzea, ikasturte hasieran horrenbeste gastu izaten dituzten familiak laguntzea eta tokiko merkataritza bultzatzea» dira.
Irailetik azaroaren 15era bitartean Galdakaoko saltokietan erositako eskola materiala ordaintzen laguntzeko emango da laguntza eta erosketak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztu beharko dira abenduan. Erosketa horiek ordaindu egingo zaizkie familiei, gehienez 100 euro haur bakoitzeko.
Diru laguntza horiek bideratzeko, Galdakaoko Udalak 30.000 euroko zenbatekoa jaso zuen 2023ko aurrekontuetan, oposizioaren proposamenez. Une honetan izapidetze administratiboak egiten ari dira eta neurria urriko bilkuran onartuko dela aurreikusten da. Orduan zehaztuko dituzte data guztiak.