Espainiak Usansoloko segregazioari emandako ezezkoak ondorioak izango ditu kudeaketa batzordean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Espainiako Gobernuak Usansolo toki-erakundeen erregistroan inskribatzea atzera bota zuen 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik eta honek ondorioak izango ditu kudeaketa batzordean. Besteak beste, diru sarrerarik gabe gelditu da Usansoloko Udalaren funtzioak egiten dituen batzordea. Albiste honetan batu ditugu ondorioak eta eman beharreko hurrengo pausoak.
Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea. Zehazki, 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik atzera bota zuen.
Erabaki honek Usansoloko Udalaren funtzioak egiten dituen kudeaketa batzordean ondorioak izango dituela azaldu du Usansolo Herriak. Besteak beste, batzordea diru-sarrerarik geldituko da plataformaren hitzetan.
Honen aurrean eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Galdakaoko Udalak emandako pausoa jarraituz, hurrengo egunetan Espainiako Gobernuak emandako ezezkoari helegitea jarriko dutela iragarri du Usansolo Herriak.
Halaber, uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren, behin Espainiako Diputatuen Kongresuak bere jarduera politikoa hasita, «Podemos, EH Bildu eta EAJrekin idatzitako zuzenketaren onarpena egiten saiatuko gara, 5.000 biztaleen betekizuna aplika ez dadin eta Foru Arauko biztanleak nagusi daitezen».
Bien bitartean Usansoloko kudeaketa batzordearen jarduera aurrera jarraitzen duela adierazi du UHk: «Udal berria kudeatzeko eredua lantzen ari gara, praktikoa eta erabakitzailea izan dadin». Memorian onartuta dauden eskumenen eta erabakien behin betiko eskualdatzea antolatu behar dute ere.
Bestalde, «UHko Galdakaoko Udaleko zinegotziekin koordinatuta, lortutako gobernu akordioa bultzatuko dugu, Usansolon proiektuak, obrak eta inbertsioak bultzatuz», azaldu du plataformak.