Esterilizazio zentral berria ezarri dute Usansoloko ospitalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Barrualde-Galdakaoko ESI
Osakidetzak esterilizazio zentral berria ezarri du Usansoloko ospitalean. Unitate berriak Barrualde-Galdakao ESI osoari eskainiko dio zerbitzua eta lau milioi euroko aurrekontua izan du. Atzo inauguratu zuten Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari kudeatzaileak.
Osakidetzak esterilizazio zentral berria ezarri du Usansoloko ospitalean. Zehazki, Gailu Mediko berrerabilgarriak Birprozesatzeko Unitate berria du, kalitate-estandar gorenak eta birprosezatze abangoardiako teknologia dituenak. Unitate berriak Barrualde-Galdakao ESI osoari eskainiko dio zerbitzua, 24.000 pertsonari gutxi gora behera.
Guztira ia lau milioi euroko aurrekontua izan du proiektuak eta atzo inauguratu zuten Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari kudeatzaileak.
Osasun Sailetik azaldu dutenez, esterilizazio-unitate berriak eredu-aldaketa dakar, material kirurgikoaren esterilizazio-prozesu osoa zentralizatu ez ezik, prozesuaren ziklo osoaren trazabilitate-sistema informatizatzen baitu. «Pazientearen historiari lotuta dago eta prozesuaren kudeaketa eta kontrola ere mesedetuko du», adierazi dute.
Unitate berriak honakoak biltzen ditu: lau garbigailu termodesinfektatzaile, lau lurrun-autoklabe eta tenperatura baxuko hiru esterilizagailu. «Ekipamendu guztiek segurtasun-irizpide maximoak betetzen dituzte, prozesuei zein langileei dagokienean, eta praktika kirurgiko eguneratuenekin eta aurreratuenekin hornitu dira, hala nola robotika, laparoskopia edo zauri txikiko kirurgia», azpimarratu dute Osakidetzatik.
Bestalde, tenperatura baxuko esterilizazioko bi teknologia baliatuko dituzte material termolabilak esterilizatzeko eta horrek konponbide hobeak dakartza ESIak ospitaleetan egun daukan askotariko material sanitarioetarako.
Halaber, irrigagailu ultrasoniko bat ezarri dute, robot kirurgikoetan erabiltzen den tresneriaren aurre-garbiketa automatizatzeko, baita beste espezialitate batzuetako material konplexu ugari ere. Era berean, produkzio-fluxua ziurtatzeko, automatizazioarekin eta ergonomiarekin lotutako alderdiak lehenetsi dituzte.
Esterilizazio sistema berriaz gain, Usansoloko ospitaleak Angiografia eta Erradiologia Interbentzionistako goi-teknologia bereganatu du. Angiografo berriak pazienteei «babes erradiologikorik handiena eskainiko die», izan ere, behar duten erradiazio-dosia murrizten du. Proiektu honek 1.573.000 euroko aurrekontua izan du.