«Euliek zergatik gogaitzen dituzten behiak», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2023ko urtarrila
Adiaha Umoren garaian gertatu zen ondorengo istorioa, Calabar lurraldeko erregina bizi zenean. Oso eskuzabala eta abegitsua zen Adiaha etxeko abereekin. Behin, oturuntza batera gonbidatu zituen abereak, baina animalia basatiak ez, haien beldur baitzen, oso.
Haietako jaialdi batean, hiru mahai handi zeuden. Han zeuden abere guztietatik handiena zenez, erreginak behiari esan zion mahaien hasieran jarri eta janaria banatzen hasteko. Baietz erantzun zion behiak, eta, poliki-poliki, lehen platera abereen artean zerbitzatzen hasi zenean, euliari jaten ematea ahaztu zitzaion, oso txikia zelako.
Berehala jabetu zen eulia egoera hartaz, eta arren eskatu zion behiari eman ziezaiola jatekoa, eta hauxe erantzun zion behiak: «Egon lasai, adiskide, hartu patxada». Bigarren platera banatzen hasi zenean, euliak berriro eskatu zion berari ere jaten emateko, baina hark bere begia erakutsi zion, eta jatekoa beranduago emango ziola eman zion aditzera.
Azkenean, jatekoa bukatu zen, eta eulia afaldu gabe joan zen ohera, berea eskuratu gabe.
Biharamunean, erreginarengana jo zuen euliak, eta haren aurrean kexatu zen, esanez behiak ez ziola ezer jaten eman eta begira begiratzeko keinua egin ziola.
Hori zela eta, erreginak zera erabaki zuen: aurrerantzean, euliak beti jasoko zuela jatekoa behien begietatik, noranahi zihoazela.
Horrexegatik daude beti euliak behien begietan, eta begietatik elikatzen dira, erreginak halaxe agindu baitzuen.