Euskara eskakizunaren aurkako sententzia salatu dute Galdakaoko Udaleko langileek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Naiara Pérez de Villareal
Galdakaoko Udaleko langileek Udalak egindako euskara eskakizunaren kontrako sententzia salatu dute. Elkarretaratzea egin dute gaur, ekainak 19, eguerdian udaletxearen aurrean eta honetan, eurek ere «euskaraz lan egiteko ardura eta eskubidea» dutela aldarrikatu dute.
Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogababetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak.
Sententzia hau salatu dute hain zuzen Galdakaoko Udaleko langileek, gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioan. Udaletxe aurrean batu dira gaur 13:30ean eta elkarretaratzea egin dute «euskararen kontrako erasoa salatzeko».
Agerraldian langileen gehiengoa Galdakaoko Udalak egiten duen euskara mailaren eskakizunarekin bat datorrela adierazi dute eta aldi berean gogorarazi dute, eurek ere «ardura eta eskubidea» dutela euskaraz lan egiteko.
Bihar, ekainak 20, elkarretaratze berri bat deitu dute Bagabiz Euskara Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, kasu honetan herritarrei zabaldutakoa. Ardantza parkean izango da eta BINKEren bitartez eman daiteke atxikimendua modu ofizialean.