
Euskaraldia aurkezteko ekitaldia antolatuko dute Galdakaon barikuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskaraldia
Barikuan, martxoak 14, Galdakaon Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egingo dute eta hitzorduan hamaikakoa iragarriko dute, hau da, Galdakaon ekimenaren ordezkariak izango direnen izena ezagutzera emango dute. Halaber, emanaldia eskainiko du Xativo rap abeslariak.
Maiatzaren 15etik 25era antolatuko da aurtengo Euskaraldia eta euskararen erabilera sustatzeko helburua duen ekimenarekin bat egingo du beste behin Galdakaok. Hilabeteetan zehar prestaketa lanetan ibili ostean, Galdakaoko Udalak eta herriko eragileek barikuan, martxoak 14, emango diztuzte Galdakaon egingo diren ekintzen berri.
Saioa Santi Brouard enparantzan izango da 19:00etan eta eguraldi txarra egitekotan Gandasegi eskolako arkupeetan egingo da.
Maria Casillas kirolari galdakoztarra izango da ekitaldiaren aurkezlea eta honen eskutik Galdakaoko Hamaikakoa iragarriko dute saioan. Udalak jakinarazi duenez, herriko erakunde eta esparru askotako hamaika emakumek osatzen dute, eta ekitaldian hizkuntza ohituren inguruan ariko dira hizketan. Xatiro rap abeslari bilbotarraren emanaldiak itxiko du.
Behin xehetasunak emanda, zapatuan, martxoak 15, hasiko da Galdakaon Euskaraldian izena emateko epea eta maiatzaren 15era arte egin ahal izango da. Hori egiteko bideak Euskaraldiaren webgunea eta Galdakaon zehar jarriko diren buzoiak dira.
