Gaizka Chamizo: «Pailazo baten aurrean haurrak dira publiko profesionala»
Gaizka Chamizo, pailazoa eta aktorea
BINKE / 2017ko iraila
«Pailazo baten aurrean haurrak dira publiko profesionala»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Saltsa askok omen dute perrexila, hutsetik ez zen jaioko bestela hilabeteko protagonista deskribatu dezakeen esaldi ezagun hura. Baina horixe bera da, bai, Gaizka Chamizo galdakoztarra: bere izaera adierazkorra esparru profesionalera eramaten ari den «saltsa guztietako perrexila».
Bizitza antzerki bat dela zioen Charles Chaplinek. Hainbesterako al da? Nik uste baieztapen horrekin esan nahi zuena, bizitza, antzerkiaren antzera, zuzenean bizitzeko eta sentitzeko dela, segundo oro. Segundo bakoitza biziz, antzerkian bezala, publikoarekin elkarrekintzan. Hainbesterako? Bai, noski, bizitza hainbesterako da. Amaieran teloia itxiko dela badakigu ere, ikusle izatearen jarrera hartzen dugu gehiegitan, hura besaulkitik begiratuz, norberaren antzezlana segundoka bizi ordez.
Serio jarri zara, Gaizka. Argi dagoena da, guztioi hemen egoteko denbora tarte bat eman zaigula, harekin nahi duguna egin dezagun. Norbera da, teloia itxi aurretik, oholtzan biziko duenaren erantzule.
Zuk desberdintzen al dituzu bizimodua eta antzerkia? Saiatzen naiz, antzerkiaren onurak bizimodu «errealaren» planora ahalik eta gehien gerturatzen. Baina ez da erraza.
Zer ikasi beharko genuke ba antzerkitik gure bizimoduan praktikara eramateko? Artea beti existitu izan da espresio bide gisa. Gauzak kontatzeko balio digu, gauzak defendatzeko, aldarrikatzeko… Gizakion komunikazio kanalak dezente mugatuak dira. Badira hainbat emozio, gure lengoaia berbalaren bitartez adierazi edo sentitu ezin ditugunak.
Eta antzerkian bai? Bai. Antzerkiak eta arteek, orohar, kanal hauek 360 gradutan zabaltzen dituzte, eta hau zoragarria da. Ogibide izateaz gain, bizitzari aurre egiteko modua ere badira. Aipaturiko emozio kudeatzaile fabrikaz gain, niri gaur egun askatasuna eskaintzen dit. Jendarte honetako leku askotan izaten uzten ez nauten hori izateko askatasuna. Baita esan ezin daitezkeen gauza guzti horiek ozen oihukatzeko askatasuna.
Hain eremu librea al da antzerkia? Antzerkia oso arma potentea da. Baina lar ondo ezberdintzen ditugu bi plano hauek —antzerkia eta errealitatea—, eta tamalez, ezaugarri guzti hauek ez daude ongi ikusiak gaur egun errealitatearen planoan. Antzerkiaren jolas serio honekin soinean jantzita bizitzea, askatasun horrekin bidelagun beti, jendartearen begietan «pertsonaje» edo «friki» bat izateko arriskuarekin bizitzea da. Historiaren bilakaerak tabu, konplexu eta ustezko «egiteko modu egoki» gehiegi barneratu dizkigu, gaur egun ere, barnean sartuta ditugunak eta bizimodu askea baldintzatzen digutenak.
Nondik jaso duzu antzerkirako zaletasuna? Ez nuke esaten jakingo. Imajinatzen dut pertsona orok hor barnean badugula su bat, zerbait egitera bultzatzen gaituena arreta pixka bat jarriz gero. Lehen urratsa izaten da zailena. Baina behin zubitxoa zeharkatuz, su hori areagotzen joaten da hedatzeko askatasuna eman diozula ohartuz, eta orduan, ez da egoten atzera bueltarik. Baina lehen aipatu bezala, norberaren erantzukizuna da su horrekin dantzan egitea, edo hare pote txikiekin hura amatatzen saiatzea…
Anaiarekin ere aritzen zara tarteka, ezta? Bai! Ander ere betidanik izan da antzerki zalea, eta oso ona! Ortuondo Gaztetxeak hainbat onura ekarri zizkion Galdakaori, eta hauetako bat da Kalerki antzerki taldea. Garai batean haiekin ere ibili nintzen sorkuntzan eta kale antzerkian. Eta bai, ondoan jolas lagun anaia izateko zortea izan nuen!
Kontatu iezaguzu zehatzago zer den Kalerki, arren. Kalerki da antzerkia egiteko eredu zoragarria. Gizartearen begietan zoro talde bat elkartu, nahiak eta desirak konpartitu, eta hauek aldarrikatzeko antzerkia egin. Non eta herrian! Non eta kalean!
Eredu zoragarria dela diozunean, zer esan gura duzu? Demagun. Antzezlan bat sortu duzu, zerbait zoragarria kontatzen duena. Eta mundu osoari helarazi nahi diozun mezu bat du antzerkiak. Baina zer gertatzen da? Ezin duzula antzeztu!
Zergatik? Antzerki hori publiko bati eskaini ahal izateko, gorbatadun izaki gutxi batzuek utzi behar omen dizutelako! Kontratatu, edo gutxienez baimena eman. Nola da posible?
Eta haien eskuetan geratzen da beraz, zure mezu hori zabaltzea edo ez. Horretara joan nahi duzu? Duda barik. Eta munduaren funtzionamendua ezaguna zaigu jadanik, eta badakigu ospe handiagoko izenek baino ez dutela aukera izango mezu hauek aldarrikatzeko. Horregatik asko baloratzen dut kuadrilla antzerkia, herri antzerkia, «a la gorra» antzerkia eta sistema araututik kanpo egiten diren sorkuntza guztiak.
Irakurtzea oso ona omen da aktoreentzat, interpretatzeko erabiltzen duzun garunaren alderdi bera erabiltzen dugulako irakurtzean. Ez nekien garunaren alderdien inguruko teoria hau. Baina bai, irakurtzen dut! Eleberrien kasuan misterio ta poliziakoak atsegin ditut, harrapatzen zaituzten horietarikoak, baina ez naiz oso zaletua ere. Aukeran nahiago izaten ditut ipuinak —helduentzako ipuinak ere badaude eta!—.
Zerbaitek bide eman badizu antzerki munduan sartzeko, ziur zure herriko txamikoak izan direla… Zelan prestatzen zareten herriko jaietarako! (barreka) Bai! Oso jai zaleak garela onartuko dut. Non jaia, han gu. Eta herriko jaietan helburutzat izan duguna beti herriak ematen digun aukerez gozatzea izan da. Hala ere, urteak aurrera joan ahala egia da partehartzea behera joaten dela…
Koadrila Txapelketak ere irabazi izan dituzue. Zer egin duzue osteko sariarekin? Ez dakit zer dela eta fama hori, koadrila txapelketa urte baten baino ez genuen irabazi eta!
Tira, baina txapelketaren punta-puntako postuetan ibiltzen zarete beti! Hori egia da. Behin irabazi, nahiz eta sarri hortxe-hortxe egoten garen! Aspaldiko garaiak baina… (irribarretsu) Osteko sariekin «txamiko» zulotxo beltzak estali izan ditugu beti!
Nork zeini ematen dio gehiago: Chamizok txamikoei ala txamikoek Chamizori? Dudarik ez, kuadrillak niri. Orokorrean oso pertsona iheskorra naizela uste dut. Beti hara eta hona ibiltzen naiz, jende ezberdinarekin harremanean. Baina koadrilarekin egotea niretzako etxean egotea da, zeharo aske, ezer ezkutatzerik ez dagoen bake txokoa. Haiek ematen didate babesa eta konfidantza, behar dudan guztietan. Ni aldiz, iheskortasun hori dela eta, nahi baino gutxiagoetan nago hor babes eta konfiantza hori trukean emateko.
Chamizo bera, aktore lanetan artista izateaz gain, txistulari ere ibilitakoa da! Jakingo ote du jendeak hori? (irribarretsu) Bai, han hasi nintzen bederatzi-bat urterekin, Maximo Moreno Musika Eskolan, txistuarekin Arantza Zaton irakasle. Garaiko oroitzapen oso politak dauzkat. Sen artistikoa irekitzen duen zerbait da musika egitea, eta umetan ikastea, jolasten ikasten den garai hartan musika ikastea, zoragarria da.
Zuk aukeratu al zenuen txistua jotzen ikastea? Ez! (barreka) Gogoratzen dut pianoa zela aukeratu nahi nuen instrumentua, baina gurasoak txistuarekin tematu ziren. Eta egia esan, gaur asko eskertzen diet! Maitatzen ikasi nuen, eta txistuak gaur dantzan jartzen nauen kultura musikalari ateak ireki zizkion!
Galduta izango duzu txistu eta danbolina honezkero… Ez horixe! Egia da txistuaren ostean, bestelako instrumentuak ikasteko grina etorri zitzaidala, eta ahal bezala ikasi nituela. Baina txistua bidelagun dut oraindik ere, bandak eta kalejirak alde batera utzi izan arren. Gaur egun aldiz, ukelelearekin nabil! (pozarren)
Eta antzerkian, zein lotura duzu musikarekin? Beti dago presente. Antzezlan batean musikak berebiziko garrantzia dauka atmosferak sortzerako orduan, ez egoteak daukan bezalaxe. Esate baterako, une honetan biran gabiltzan Lurrak lanean, musika alorra hiru zutabeetako bat da. Ez da antzezlan bat, ezta zirko saio bat ere. Musika, antzerkia eta zirkoa bat egiten dituen ikuskizuna da.
Bereziki umeei zuzendutako obrak egiten dituzu? Haur ikuskizunak egiten ditut bai, baina nik batez ere publiko helduarentzako lanak egiten ditut. Pailazoa naiz, hitz polit honek daukan karga eta aurreiritzi guztiekin. Pailazo izatea, jolastea da, emozio aldetik biluztea, eta emozio hauekin publikoarekin konektatzea. Armadurarik gabe, sentitzen duena adierazten du pailazoak, beti ere segundo guztiak kontuan hartuta.
Noski, eta pailazo izateak ez du esan gura beti umeei zuzentzen zarenik… Horrela da. Pailazoa, gizakia espresatzeko gai ez den hori espresatzeko gai da eta ikuslearekin konexioa bete-betea du. Asko atsegin dut helduentzako aritzea «clown» modalitateaz baliatuz. Asko ematen dit. Gure buruaz barre egitea geroz eta arrotzagoa den gizarte gris batean pailazoak beharrezkoak dira. Baina haurren kasuan funtzio ezberdina dugu.
Zer du publiko gaztetxoak helduak ez duena? Eta alderantziz? Askotan uste dugu publiko zailena heldua dela. Baina ez horixe! Haurrak dira publiko profesionala pailazo baten aurrean. Ez bazaie gustatzen egiten duzuna, berbetan hasiko dira, edo altxatu edo ospa egin. Ume talde bat zurekin konexioan ordu betez izatea lan ona egiten ari zaren seinale da. Haur txikiak pailazo profesionalak dira. Beraiek jolastu egiten dute, emozioak adierazten dituzte inolako lotsarik gabe, horregatik dira umeak horren dibertigarriak!
Helduak ez al gara dibertigarriak? Tamalez, orain aipatu dudan «pailazo izate» hori, helduago egiten hasten garenean amaitzen da. Publiko gaztetxoak errazago ulertzen du pailazo baten unibertsoa, ez du zertan justifikatu beharrik zergatik den horrelakoa, ongi etorria da haiekin jolastera. Helduen kasuan, agertokian pailazo bezala agertzeko, justifikazio on bat beharko duzu onartua izan zaitezen, azkarragotzat dutelako helduek euren burua, nahiz eta pailazoaren eskutik hartuta edozein emozio azaleratzeko haurrek baino zailtasun nabariagoak izan.
Non ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara? Antzerkia egiten jarraitu nahiko nuke. Orain nagoen bezala zoriontsu nago, eta espero behintzat horrela jarraitu ahal izatea. Baldintzak aldatuko nituzke, hori bai. Baimena emango didaten aipaturiko gorbatadun horiek nire desirak, ekimenak, espresio bideak, bozgorailuak, dantzak, jolasak, ametsak, kantuak, kontuak, emanaldiak… hau da, nire lana, ez baldintzatzea eskatuko nuke. •