Galdakao eta ospitalearen arteko lanen lizitazioa bertan behera utzi du ETSk
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Eusko Jaurlaritzaren artxibotik
Martxoaren 8an amaitu beharko litzateke Galdakaoko erdigunetik Usansoloko ospitalera arteko lanak egiteko eskaintzak aurkezteko epea, baina Euskal Trenbide Sareak lehiaketa publikoa egun horren aurretik kentzea erabaki du. Zeintzuk izan dira arrazoiak? Eta zein da orain etorkizunerako plana?
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Metroaren 5. linea eraikitzeko lanen lizitazioa bertan behera uztea erabaki duela iragarri du otsailaren 26 goizean Deia egunkariak. Bertan behera uzte hau azken zatiari dagokio, Galdakaoko erdigunearen eta Usansoloko ospitalearen artekoari. Eraikuntza-proiektua 2021eko uztailean idatzi zenetik «prezioek gora egin dutenez, eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua kalkulatzean akats bat gertatu denez —kontratua finantzatzeko aurrekontu partida eskasa izan omen da—, sozietate publikoak lehiaketa kentzea erabaki du», azaldu du Noticias taldeko egunkariak.
ETSk azaroaren 8an atera zuen Metroaren bosgarren lineako Galdakao-Ospitalea tarteko obren lizitazioa, 69,4 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontuarekin eta 54 hilabeteko egikaritze-epearekin. Metroaren linea berria eraikitzeko aurreikusitako hiru bideetako azkena da. Linea hori Metroaren egungo Etxebarri-Ariz tartearekin lotuko da eta Usansoloko ospitalean amaituko da. Ibilbide berriak bost geltoki izango ditu: Sarratuko geltoki intermodala, Basaurin, hiru Galdakaon —Aperribain, Bengoetxen eta Galdakao erdialdean— eta bat Usansolon, ospitalean.
Orain zalantzan jarri den azken zatia Galdakaoko hirigunearen kanpoaldetik osasun-zentroraino hedatzen da. Lurpeko ibilbide osoa lerro zuzenean egiten da, eta amaieran pixka bat okertzen da, ospitaleko geltokiko haitzuloa hartzeko. Ibilbideak 1.930 metro neurtu beharko lituzke, asmoen arabera, eta berezitasun bat izango omen du: azken geltoki horrek igogailuen bidezko sarbideak baino ez ditu izango, ospitalearen iparraldeko aurpegian kokatuta izango liratekenak, erabiltzaileen sarbide nagusietatik hurbil. Gainera, beste bi igogailu egongo dira, bata Labea auzotik eta bestea Usansolotik.
Lan hauek egiteko enpresen eskaintzak jasotzeko epea martxoaren 8an amaitu beharko litzateke, baina Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko sozietate publikoak lizitazioa egun hori baino lehen kentzea erabaki du. ETSk berak atzera egiteko idazkian aitortzen duenez eta Deia egunkariak azaldu duenez, arrazoia «obraren aurrekontua kalkulatzean izandako akats bat da, eta, horren ondorioz, lehiaketara atera den zenbatekoa merkatuko prezio errealak baino txikiagoa da —gutxienez 3,5 milioi euro—».
Erabakia joan den otsailaren 20an emandako txosten tekniko batean oinarritu da. Txosten horretan adierazten denez, eta aipatutako hedabidea informazio-iturri hartuta, «lizitazio-prozesua hasi ondoren, ikusi da proiektuaren aurrekontua egiteko erabili diren gauzatze materialaren prezio batzuk zaharkituta geratu direla, oinarrizko materialen prezioak neurrigabe igo direlako».
Besteak beste, txostenak aipatzen du 5. linea bereko beste bi tarteetan «altzairuaren prezioa 78,78 eurokoa dela metro linealeko eta 1,39 eurokoa kiloko, hurrenez hurren, eta hirugarren tartearen lizitazioan 45,44 euroko eta 0,99 euroko aurrekontua egin dela», Deiaren arabera. Guztira, tarte guztietan prezio berberak aplikatuko balira, aurrekontua 550.784,52 euro handituko litzateke beraz, kontuan hartuta Ukrainako pandemia eta gerra merkatuak asaldatzen ari direla eta administrazioak beren lizitazioen prezioak gorantz berrikustera behartzen ari direla, gaiak garestitu direlako.
Ez da garestitze bakarra omen
Proiektuak barne hartzen dituen bi ibai-azpiko pasabideen inpermeabilizazio tratamenduetarako ezarri diren neurketak ere ez omen dira nahikoak, egunkari bizkaitarraren arabera. Sarratu-Aperribai tarteari dagozkie neurketa hauek, eta aurreikusitakoekin alderatuta, «silikato-erretxinen bolumen handiagoa behar dela uste da», jakinarazi dutenez. Lehen tarte horretan, urrats bakar baterako, material horren 24.700 kilo kalkulatu dira, Galdakao-Ospitalea ibilbidea 50.000 kilokoa izango litzatekeena; kasu honetan, lizitazio-aurrekontua milioi bat euro baino gehixeago azpitik dago.
Altzairuaren prezio altuari, kontratua finantzatzeko aurrekontu baxuari eta pasabide bi inpermeabilizatzeko neurketa eskasari, zementuaren prezioaren igotzea ere gehitu zaio.
Horregatik guztiagatik, sozietate publikoak erabaki du onena dela lizitazioa aldi baterako etetea, «inguruabar horiek guztiak bateratzeak kontratuaren oreka ekonomikoa alda dezakeelako eta kontratuaren deuseztapena eragin, eta horrek eragin negatiboa izango lukeelako interes publikoan», dio ETSk. Orain arte, enpresa bakar bat ere ez da aurkeztu lizitaziora, eta, beraz, ez da eskaintzarik jaso.
Txosten horretan bertan jasotzen denez, Deiaren arabera, «atzera egite horrek ez du eragotziko lizitazio-prozedura bat berehala hastea; beraz, aurreikus daiteke ETSk lehiaketaren aurrekontua aztertuko duela eta, gorantz berrikusita, obrak lehiaketara aterako dituela berriro».
Sarratuko intermodalaren eta Aperribairen arteko 5. linearen beste bi zatietako obrek, eta hemendik Galdakaoraino doazenek, lizitazioa egiten jarraitzen dute, 111,2 eta 110,4 milioi euroko aurrekontuarekin, hurrenez hurren.