Galdakaoko EAJk «ekarpen eta ideia anitz» batu ditu elkarteekin izandako bileretan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
Udal-hauteskundeetarako programa prestatzeko «ekarpen eta ideia anitz» batu ditu Galdakaoko EAJ-PNVk aste hauetan zehar elkarteekin egindako bileretan. Herritarren proposamenak jaso nahi ditu ere eta horretarako karpak jarriko ditu hiru egunetan.
Maiatzaren 28an antolatuko diren udal-hauteskundeen programa prestatzeko, Galdakaoko EAJ-PNV herriko elkarteekin bildu da aste hauetan zehar. Binkek jaso zuen moduan, Ainhoa Agirregoikoa alderdiaren alkategaia eta bere taldea batu dira elkarteekin.
Auzo, kultura eta kirol elkarteekin izandako bilera hauetan «ekarpen eta ideia anitz» bildu dituztela azaldu du Agirregoikoak. «Ondo hartu ditugu bai auzoentzat eta baita Galdakaoko gainerakoentzat proposatutako hobekuntza horiek guztiak», adierazi du alkategaiak.
Lortutako emaitzaren ostean, bide honetatik jarraitu nahi dute eta bilera egutegiarekin jarraituko dute. Halaber, alderdiak herritarrei luzatu nahi die proposamenak egiteko deia eta horretarako karpak jarriko dituzte herrian zehar hiru egunetan, 10:30etik 13:30era. Hauek dira datak eta tokiak:
· Martxoak 25, zapatua: Juan Bautista Uriarte.
· Apirilak 15, zapatua: Urreta (Urreta kalea, Mendizale monumentuaren ondoan).
· Apirilak 22, zapatua: Usansolon (Ander Deuna, 8).