Galdakaoko Ibilaldia Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dute gaur
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du 2025eko Ibilaldia eta gaur goizean egin dute ekimenaren aurkezpena Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Hurrengo urteko maiatzaren 25ean, domekaz, Eguzkibegi Ikastolak Ibilaldia antolatuko du eta eta egun horretan eta aurretik erabiliko diren leloa eta logoa aurkeztu zituzten ekainaren 15ean, Eguzkibegi Ikastolaren jaian.
Gaur goizean, uztailak 11, ekimenaren aurkeztu dute berriz, kasu honetan Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Honetan, Josu Telleria Ibilaldia Elkarteko lehendakariak eta Eguzkibegi Ikastolako bertsolaritza irakasleak, Oihane Arana Eguzkibegiko lehendakariak eta Jon Feliz Eguzkibegiko artezkaritzako kideak parte hartu dute.
Hauen aurretik, aurten Ibilaldia antolatu duen Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariek egin dute agerraldia. Unai Arzubiaga lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga zuzendariak maiatzaren 26an egin zuten jaia «oso positiboki» baloratu dute, eta aurretik jarritako helburuak bete dituztela azpimarratu dute. «Espero dugu guk jaso genuen babesa Galdakaok ere jasotzea hurrengo urtean», adierazi du Arzubiagak.
Getxoko ordezkarien ondoren Aranak hartu du hitza, Galdakaoko Ibilaldiaren nondik norakoak azaltzeko. «Magaletik herrire, euskera erdire» izango da leloa eta hauek izan dira leloa sortzeko kontuan izandako kontzeptuak: magala, herria, euskara erdigunera ardatz, loturak eta eguzki izpiak.
Logoak aldiz, magalari egiten dio erreferentzia ere eta koloretsua da, «alaitasuna eta familia giroa aldarrikatzeko». «Sortu zenetik elkartasuna eta kooperatibismoa bultzatu duen ikastola da Eguzkibegi eta honekin ekin eta jarraituko dugu, Ibilaldian ere», adierazi du Felizek.
Hemen deskargatu daiteke logoaren eta leloaren diseinuaren xehetasun guztiak batzen dituen estilo liburua.
Galdakaoko Ibilaldiaren helburuei dagokienez, besteak beste, «euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintza indartu, proiektua kooperatiboa sendotu eta herriko talde eragileekin harremanak sendotu» nahi ditu Eguzkibegi Ikastolak.
«Ziur nago Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak jai ederra antolatuko duela beste ikastolen laguntzarekin. Aurreko edizioetan bezala, arrakastatsua izango da seguru», nabarmendu du Telleriak.