Galdakaoko joko-aretoek betetzen al dute EAEko lege berria?
Araudi berria
BINKE / 2022ko martxoa
Galdakaoko joko-aretoek betetzen al dute EAEko lege berria?
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ichz Copyleft
Jokoaren eskaintzari muga zorrotzagoak jarri dizkio Eusko Jaurlaritzak, eta ondorioz, 39 joko-areto itxi behar izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eskoletatik eta elkarren arteko distantzia, kopurua, publizitatea… Usansolon ez dago espresuki jokora bideratutako lokalik, baina Galdakaon bai. Zenbat? Baldintza berriak errespetatzen al dituzte? Guzti hori egiaztatu du Binkek ondoko erreportaje honetan.
Hilabete eta erdi pasa da Eusko Jaurlaritzak Jokoaren Legea gogortu egin zuenetik. Otsailaren 16an 19/2022 dekretua indarrean sartu zen, eta berarekin, 39 joko-aretok ateak itxi behar izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Baina, zein neurritan gogortu da araudia? Zergatik? Zein eragin izan du Galdakaon eta Usansolon? Horixe aztertu du Binkek.
Eusko Jaurlaritzak arau berri honekin EAEn jokoaren eskaintza «sozialki onargarriak diren marjinetara» egokitu gura izan du, «osasunaren babesa eta joko problematikoaren prebentzioa bermatu», eta «adingabeak eta kolektibo kalteberak babestu». Hala adierazi zuen erakundeak berak ohar bidez. Gainera, Jaurlaritzak hiru urterik behin lege hau berrikusteko konpromisoa hartu zuen, garaian garaiko joko-eskaintzara egokitzeko.
Distantziak
Erregulazio berriak lokalen arteko distantzia handitzea ekarri du. Orain joko-areto, kasino, apustu-etxe eta antzekoen arteko distantzia 500 metrokoa izan behar da —ordura arte, establezimendu motaren arabera, 150 metrokoa ere izan zitekeen—.
Gainera, orain, mota honetako egoitzak ezin dira egon eskoletatik 150 metro baino gutxiagora.
Kopuruak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joko-lokalen kopurua ere murriztu egin da. Horrela, hiru kasino —lurralde bakoitzeko bana— egon daitezke orain gehienez, hipodromo bakarra, 14 bingo —azaleraren %50 baino gehiago ezin izango dute joko-makinetara bideratu—, 60 apustu-lokal eta 170 joko-areto baino ezin izango dira egon hiru probintzietan.
Otsailaren 16tik aurrera, araudi berria indarrean sartu zenetik, apustu-etxe —beren-beregi horretara dedikatzen diren lokalak— eta joko-aretoei —taberna itxura dutenei— lizentzia kopurua murriztu egin die Eusko Jaurlaritzak: lehen 75 apustu-etxe irekitzeko aukera zegoen, orain 60 baino ezin daitezke zabaldu; lehen 209 joko-areto zeuden, orain gehienez 170 baino ezin daitezke egon.
Horrela ba, 39 joko-aretok ateak itxi beharko ditu bide honetan.
Jokora bideratutako lokaletatik kanpo ere, asko dira taberna arruntetan dauden makinak. Euskal Autonomia Erkidegoan, orotara, 7.897 makina daude eta horien bajak ez dira beste makina berri bat jartzeko lizentziagatik ordezkatuko. Horrekin, beraz, makina kopurua pixkanaka jaisten joango dela aurreikusten du Jaurlaritzak.
Sarrera
Joko-aretoetan publiko ororen sarbidea kontrolatzea exijitzen du lege berri honek, baita tabernaren gunera sartzeko ere. Orain arte egin behar izan duten bezala, adinez txikikoek debekatuta izango dute jokora bideratutako lokaletara sartzea.
Baina gainera, ezin izango dute sartu jokoarekin arazoren bat izateagatik Jokoaren Interdikzioen Erregistroan inskribatuta daudenek, ezta beren borondatez sarrera debekatzea erabakitzen duten pertsonek ere.
Erregistro hori zorrotz kontrolatzeko bederatzi hilabete dituzte mota guztietako aretoek, arau berri honetara fisikoki zein teknikoki egokitu ahal izateko. Teknikoki, aretoen sistema informatikoek zuzenean Eusko Jaurlaritzara konektatuta beharko dutelako egon.
Publizitatea
Dagoeneko indarrean dagoen lege berri honek debekatu egiten du goizeko 6etatik gaueko 12etara bitartean komunikabideetan jokoari buruzko publizitatea egitea, bai eta famatuekin edo adingabeekin iragarkiak egitea ere.
Halaber, sektoreko enpresek ezin izango dute kirol-ekipamendurik babestu, ezta eskuorririk banatu ere kirol-zentroetatik 150 metro baino gutxiagora. Gainera, iragarkiek ezin izango dute iradoki jokoa dirua erraz eta esfortzu barik irabazteko bidea dena.
Joko-aretoak Galdakaon
Usansolon ez dago kasinorik, joko-aretorik, apustu-etxerik ez jokora bideratutako bestelako negoziorik ere. Beraz, esan barik doa, lege berri honek ez duela inongo eraginik herrian.
Galdakaon aldiz jokora bideratutako hiru lizentzia ditu Udalak esleituta: lehenengo lizentzia 2001eko urriaren 29an eman zuen, Zamakoa kalearen 23. zenbakian joko-areto bat irekitzeko; bigarrena 2010eko abenduaren 14an Pedro Kastillo 3 kalean; hirugarren eta azken lizentzia galdakoztarra 2017ko abuztuaren 11n eman zen, Bizkai kalearen 81. zenbakian joko-aretoa zabaltzeko. Lehenengo bi aretoak jabe berarenak dira.
Hiru hauek joko-aretoak dira —hau da, taberna ere badute—, zabalik daude gaur egun eta Eusko Jaurlaritzaren 19/2022 dekretu berriak ez die eragiten, aurretik aipatutako baldintza berri guztiak betetzen baitituzte: elkarren arteko distantzia handia da eta eskola eremuetatik urrun daude —nahiz eta Bizkai kalekoak Maximo Moreno Musika Eskola gertu izan—.
Gainera, lehendik indarrean zegoen biztanleriaren ratioa ere betetzen dute hirurek: 10.000 biztanleko joko-areto bat. Ikusi beharko da, Usansolo segregatzen bada, zer gertatuko litzatekeen hiru horietariko batekin…
Baina gaur gaurkoz, Binkek egiaztatu ahal izan duenagatik, Galdakaoko joko-aretoek EAEko lege berria errespetatzen dute.