Galdakaoko kiroldegietako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute «hitzarmen duina» eskatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: @euke77
ELA, CCOO eta LAB sindikatuek mobilizazioekin jarraitzera deitu dute, kiroldegietako langileentzako lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Galdakaoko langileak Urreta kiroldegiaren aurrean batu ziren zapatuan, «hitzarmen duinaren alde borrokan» lemapean.
Abenduan deitutako lanuzteen ostean, Bizkaiko kiroldegietako langileak grebara itzuli dira. ELA, CCOO eta LAB sindikatuek protesta egun gehiago deitu dituzte kirol zelaietako langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko.
Zapatuan, urtarrilak 27, Bizkaiko hainbat txokotan batu ziren kiroldegietako langileak, tartean Galdakaon. Urreta kiroldegiaren aurrean egin zuten agerraldia langileek, «hitzarmen duina» eskatzeko.
Sindikatuen esanetan, udalek «gero eta gehiago murrizten dutela kiroleko gastua», eta sektore horretako langileak dira «ondorioak gehien» pairatzen dituztenak.
Otsailaren 6an manifestazio orokorra deitu dute Bilbon, «guztiok indarrak batu eta borrokan jarraitzeko hitzarmen duina lortu arte».