Galdakaoko PSEk Udalak webgunean «ETAkideak biktima gisa» aurkezten dituela salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskadiko Ezkerraren Gazteak
Galdakoztarrek arrazoi politikoak tarteko jasan dituzten errepresioak ezagutzera emateko asmoz, Galdakao Oroimena webgunea jarri zuten martxan Udalak eta Aranzadik otsailean. Orain Victor Trimiño Galdakaoko PSE-EEren alkategaiak webgune horretan «ETAkideak biktima gisa» aurkezten direla salatu du. Albiste honetan batu ditugu sozialisten kritika eta Aranzadiren erantzuna.
Historian zehar arrazoi politikoak tarteko errepresioak jasan dituzten herritarren testigantzak ezagutzera emateko helburuz, Galdakao Oroimena webgune berria jarri zuten martxan Udalak eta Aranzadik otsailean.
Orain Galdakaoko PSE-EEk webgune horretan «zenbait ETAkide biktima bezala» aurkezten dituztela salatu du. «Webgunetik ETAko kideen izenak kentzeko exijitzen dugu. Kide horiek biktima gisa aurkezten dira eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsonatzat hartzen dira», adierazi dute sozialistek gaur argitaratutako adierazpenean.
Besteak beste, ‘Txapote’ ezizenez ezaguna den Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas preso galdakoztarren izenak webgunetik kentzeko eskatu dio PSE-EEk Udal Gobernuari.
«Errealitatea bihurritu eta faltsutu egiten da, terrorista horiek biktima gisa aurkezteko eta terrorismoaren edo frankismoaren biktimekin parekatzeko helburu bakarrarekin, biktimekiko edozein enpatiatik urrun dagoen kontakizuna garatzen laguntzeko. Non dago alkate honen eta bere gobernu taldearen etika politikoa eta gizatasuna, non geratzen da EH Bilduk aipatzen duen biktimengana hurbiltzeko sentimendu berri hori?», salatu du Victor Trimiñok, Galdakaoko PSE-EEren alkategaiak.
Bestalde, Covitek gutun bat idatzi dio Arartekoari honek Udalari izan hauek webgunetik kentzeko eskatzeko.
Salaketa hauen aurrean Udalak eta Aranzadik esateko dutena jakin nahi izan du Binkek eta elkartearen erantzuna argia izan da: «Proiektua martxan jarri aurretik guk erabiltzen ditugun nazioarteko irizpideak azaldu genizkien alderdi guztiei eta hauek onartu zituzten». Elkartearen hitzetan, «gezurra da PSE-EEk dioen moduan preso hauek giza eskubideen urraketa jasan duten biktimak bezala agertzen direnik. Beste motatako sufrimendua jaso duten biktimak bezala aurkezten dira Galdakao Oroimena webgunean».
PSE-EEk gutuna idatzi zion alkateari duela egun batzuk eta honi erantzuna eman ziotela adierazi dute Aranzaditik: «Erradiografia integrala egiten dugula azaldu genien. Giza eskubideen urraketa jasan duten biktimak jasotzen ditugu mota honetako proiektuetan, baina baita beste motatako sufrimendua jasan dutenak ere».