Galdakaoko Txirrindulari Gelak aulki egokitua entregatu zion Ganguren Mendi Taldeari

Argazkia: Galdakaoko Txirrindulari Gela.

Galdakao Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak V. Gela Erronka Solidarioaren amaiera ekitaldia antolatu zuten urriaren 29an. Hitzorduan haurrentzako mendiko aulki egokituaren entrega egin zuten.

Gela Erronka Solidarioaren bosgarren edizioa antolatu zuten Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak eta Ganguren Mendi Taldeak ekainean, eta haurrentzako mendiko aulki egokitu bat lortzeko dirua bildu zuten honetan.

Erronkaren prozesua ezagutzera emateko helburuz, ekitaldia antolatu zuten urriaren 29an, Gandasegi eskolan. Bertan, aulkiaren entrega ofiziala egin zion Gelak Gangureni, eta honek Bizkaiko Kirol Egokitu Federazioari utzi dio, honen erabilera errazteko asmoz.

Testuinguru honetan, Igon Anton Gelako arduradunak Eduardo Olea Ganguren MT taldeko presidenteari bizikleta egokitu bat lortzeko erronkaren proposamena nola izan zen galdetu zion eta Oleak erronka egunean Ganguren MTko Arrabako aterpean egindako jarduerak azaldu zituen.

Ondoren Bizkaiko Mendi Federazioarekin hitz egin zuten, eta, haien bidez, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioarekin harremanetan jarri ziren, eta haien erabilera eta kudeaketa haiei lagatzea erabaki zen.

Hain zuzen, Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidente galdakoztarra eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egokitu Federazioko presidentea izan ziren hitzorduan, eta baita Kepa Junkera ere.

Halaber, hitzaldia eskaini zuen Kepa Lizarragak, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta galdakoztar mendizale amorratua denak, gonbidatu bereziekin: Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea, eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.