Galdakaoko Udal Gobernuak babesa adierazi dio Olaia Parra zinegotziari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik
Ondare katalogoaren bozketan baietza eman zuen Olaia Parra zinegotziak eta haren etxea katalogoaren barruan sartu zenez, «bateraezintasun» prozesu batean murgildu izana leporatu zioten oposizioak eta Olabarrietako auzokideek. Honen aurrean, Udal Gobernuak babesa eman dio zinegotziari eta juridikoki bateraezintasunik ez dagoela azaldu du.
Abenduko osoko bilkuran Galdakaoko kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu zuen udalbatzak. Babestuko diren eraikin berrien artean Olabarrieta auzoko etxeak sartzea onartu zuten eta auzokideak kontra agertu ziren.
Kexak kontuan hartu eta prozesua bertan behera uztea erabaki zuen Udal Gobernuak, baina auzokideentzat «ez da nahikoa». Haien etxeak katalogotik kanpo gelditzen direla idatziz jaso arte mobilizazioekin jarraituko dute, «gure etxeak gureak dira» argudiatuz.
Halaber, Binkek jaso zuen moduan, Olabarrietako Bizilagunen Plataformak eta oposizioko taldeek ondare katalogoaren alde bozkatzean Olaia Parra zinegotzia «bateraezintasun» prozesu batean sartu ahal izan zela salatu zuten. Izan ere, katalogoarekin babestu nahi ziren eraikin berrien artean Auzoak plataformako zinegotziaren etxea zegoen.
Salaketa honen aurrean, Galdakaoko Udal Gobernuak, bere osotasunean, babesa adierazi dio Parrari. «Adierazpen eta zalantza batzuk helarazi dira, batez ere gobernuko zinegotzi baten figurari buruzkoak, errealitatearekin bat ez datozenak», azaldu dute EH Bilduk, Auzoak plataformak, Usansolo Herriak eta Podemos-Ahal Duguk sinatutako adierazpenean.
«Sentitzen dugu errespetuaren gainean eraikitzen direla dioten alderdiek Gobernu Taldeko zinegotzi hau bizi den auzo oso bateko postontzietan gutuna sartu izana beren logo ofizialarekin, bateraezintasun posibleen susmoak sortuz, horiek juridikoki egiaztatu aurretik. Alderdi horrek katalogoa onartzearen alde bozkatu zuen, eta bere jarrera ez da osoko bilkuran izan zuenarekin koherentea», azpimarratu dute.
«Edozein kritika politiko» errespetatzen duela nabarmendu du Udalak, betiere «kargu publikodunen bizitza pribatua eta familia-ingurunea erabat errespetatuz». «Esparru hori, kasu honetan, argi eta garbi gainditu dute oposizioko zinegotziek eta alderdiek», salatu dute.
Bestalde, adierazpenean azaldu dute Parrak abenduko osoko bilkuraren bozketa baino lehen kontrastatu zuela gaia udaleko zerbitzu juridikoekin, eta zerbitzu horiek jakinarazi ziotela ez zegoela «inolako bateraezintasunik bozketan parte hartu ahal izateko».
Azkenik, Udal Gobernuak politika «pertsonen bizitza hobetzeko tresna gisa» ulertzen duela azpimarratu du, «errespetuzko eta ulermenezko giro batean, non ideia guztiak eztabaidatu eta argudiatu ditzaketen alderdi ezberdinek».