Galdakaoko Udalak «biktima guztiekiko erabateko begirunea» adierazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EH Bildu Galdakao
Azken orduetan Galdakao Oroimena webgunearen harira sortu den eztabaidaren aurrean erantzuna eman du Galdakaoko Udalak. «Biktima guztiekiko erabateko begirunea» adierazi du Iñigo Hernando alkateak eta webgunean agertzen diren biktimen artean sailkapen ezberdinak daudela azaldu du. Hemen batu dugu alkatearen komunikatua.
PSE-EEk, EAJk, PPk eta Covitek Udalak eta Aranzadik martxan jarritako Galdakao Oroimena webgunean «ETAkideak biktima gisa» agertzen direla salatu dute azken orduetan. Honen aurrean, Galdakaoko Udalak webgunea sortzeko lana Aranzadiri elkarte honen «ibilbidea eta sona kontuan harturik» esleitu ziola azpimarratu du gaur arratsaldean argitaratutako adierazpenean.
Iñigo Hernando alkateak Aranzadik egindako lanean bi motatako urraketak sailkatzen direla azaldu du: «hainbat eskubide urraketen sailkapenak ere agertzen dira weborrian, bi ataletan banatuta: giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu batzuk. Komunikabideetan agertu direnak azken atal honetan daude, zehazki, bortizkeria politikotik eratorritako beste gertakari batzuen sailkapenean, eta horren barruan, espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioari dagokien atalean».
Bestalde, «biktima guztiekiko erabateko begirunea» adierazi nahi izan du, «inolako salbuespenik gabe».
Hemen, hitzez hitz, Galdakaoko Udalak argitaratutako adierazpena:
«Galdakaoko Udalak 2021ean Aranzadirekin kontratua sinatu zuen, herrian izandako giza eskubideen urraketak zerrenda zitzan. Aranzadi Zientzia Elkartearen ibilbidea eta sona kontuan harturik, egia, justizia eta erreparazioaren bidean egia objektiboki ezagutzeko aukera izango zen lehen aldiz Galdakaon. Erradiografia integrala egiteko aukera, weborri baten bitartez 1936tik gaur arteko kasuak era objektiboan dokumentaturik.
Aipatu bezala, Udalak lan hori Aranzadiri esleitu zion. Lana hasi baino lehen, udal talde guztiei aurkeztu zitzaien ekimena 2021eko ekainaren 16an osoko bilkuren aretoan. Aranzadik berak azaldu zituen lanaren nondik norakoak, baita zein sailkapen mota agertuko ziren weborrian, nazioarteko estandarrak eta Eusko Jaurlaritzarenak oinarritzat harturik. Ekimenak talde politiko guztien babesa jaso zuen.
Urte eta erdiko lanaren ostean, Aranzadik egindako weborria publikoki aurkeztu zen 2023ko otsailaren 2an, 503 galdakoztarren kasurekin. Bertan, EAJ, Herri Batasuna edota PSEren alkate eta zinegotzi ohien adierazpen bideoak aurki daitezke.
Hainbat eskubide urraketen sailkapenak ere agertzen dira weborrian, bi ataletan banatuta: giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu batzuk. Komunikabideetan agertu direnak azken atal honetan daude, zehazki, bortizkeria politikotik eratorritako beste gertakari batzuen sailkapenean, eta horren barruan, espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioari dagokien atalean.
Udal honek argi utzi nahi ditu hurrengo alderdiak:
- Herri honetako biktima guztiekiko erabateko begirunea adierazi nahi du Udalak. Inolako salbuespenik gabe eta beraien erabilera politikoa guztiz arbuiatuz. Era berean, Udalak ulertu egiten du biktimek eta ingurukoek sentitzen duten mina, eta hori baretzeko lan egiten jarraituko du.
- Bizikidetzaren alde eta gizarte hobea eraikitzeko horrelako ekimenak bultzatzea ezinbestekotzat jotzen du Udalak. Udala ez da aditua horrelako dokumentazioa sailkatzen, eta horregatik kontratatu zuen Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Institutuak aldarrikatzen dituzten egia, justizia eta erreparazioa irizpideak gauzatu ahal izateko. Bide horretan, beharrezkoa da lehenik herriaren egia integrala ezagutzea.
- Aranzadi Zientzia Elkartearen lan zientifikoa balioan jarri nahi du Udalak. Beste hainbat herritan aurrera eraman den ekimena da hau, Azpeitian, Tolosan, Erandion edota Hernanin bezala. Lan hauek Eusko Jaurlaritza, UNESCO edo Euskal Herriko Unibertsitatearen irizpideak jarraituz egiten dira. Eusko Jaurlaritzak azken urteotan egindako txostenen arabera, horrelako proiektuetan funtsezko irizpidea da giza eskubideen urraketen kasu posible guztiak eta motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako beste sufrimendu batzuk ikertzea».