Galdakaoko Udalak diruzaintza gerakineko 5,7 milioi euro emango dizkio Usansolori
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak gerakinean duen dirutik Usansoloren esku utzi beharreko diru kopurua adostu zuen Galdakaoko udalbatzak azken osoko bilkuran. Guztira, 5.687.358 euro igaroko dira Galdakaoko Udaletik Usansoloko Udalera.
Udalerri bihurtu zenetik, zerbitzuen eskualdaketa progresiboa egiten ari da Usansolo eta prozesu honen baitan, Udalak gerakinean zuen dirua banatzea zen falta zen.
Hau azken osoko bilkuran onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, lantalde teknikoak egindako proposamena da onartuz, Galdakaoko Udaleko, Usansoloko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek adostutako proposamena. Guztira, Galdakaoko Udalak zuen gerakinetik 5.687.358,23 euro igaroko dira Usansoloko Udalera.
Honela kalkulatu da, zehazki, zenbatekoa: Usansolo herri bihurtu zen egunean 38.243.813 euroko gerakina zuen Galdakaoko Udalak; kopuru horri herri bakoitzari dagokion ehunekoa ezarri zaio, eta 2023ko abenduaren 22tik 2023 amaierara bitartean Galdakaok ordaindutako Usansoloren gastuak kendu dira.
Biztanleria ratioa kontuan hartuta, gerakinaren %15,44 dagokio Usansolori, bere garaian alde guztiek onartutako memoriaren arabera, eta horixe da banaketa egiteko erabili den oinarrizko irizpidea. Kalkulu horiek guztiak eginda, Usansoloren esku 5.687.358,23 euro utzi behar direla ebatzi dute alde guztiek.
Galdakaoko udalbatzako alderdiek ia aho batez hartu zuten erabakia, aldeko 18 botorekin (EH Bilduren 9, EAJren 6, Auzoaken 2 eta UHren 1) eta PSE-EEren 2 abstentziorekin.
Bestalde, erabaki hori gauzatzeko transferentziaren eranskina aldatzea erabaki zen EH Bilduren, Auzoaken eta UHren aldeko 12 botoekin eta EAJ eta PSEren 8 abstentzioekin. Aldaketa horren barruan gehitu da Zurrumurruen Aurkako Sareari 1.000 euroko diru laguntza modu nominatiboan emateko erabakia.