«Galdakaokoak ziren auzoak», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2020ko urtarrila
Galdakaokoak ziren auzoak
Nafarroako lur zati hau 1200. urtean konkistatu eta gero, Bizkaiko Jauna zen Didako V.a Lopitz Haro gaztelarrak, Galdakaori Artxanda eta Arbolantxako ia lur guztiak kendu zizkion Gudubikolandara arte, 1300. urtean sortu berria zuen Bilbo hiribilduari emateko, ordura arte Begoñako portu txiki eta ziztrin bat. Konkistak eta horrelako erabakiek, Bando Gerren hastapenak dira Bizkaian.
Etxebarrin, 1508. urtean San Esteban parrokia eraiki zen, Galdakaotik banatzeko prozesua hasiz. Bertako Legizamon, Arbolantxa eta Etxebarri handiki familiek, zer esan handia izango zuten horretan, ordurako euren oin-etxeak Bilbora jaitsiak baitzuten, Bilbo hiribilduko lehen familia inportanteenak bihurtuz.
Bedia ere Galdakaotik banandu zen 1742-1765. urteetan, San Juan baselizatik gertu izen bereko eliza eraiki zenean. Hala ere, 1848. urtera arte Bediak ez zuen Bizkaiko Junta Orokorretan jesarlekurik lortu eta «kolaxiño» moduan iraun zituen urte horiek, hau da, Galdakaoko Andra Mariren luzapen baten gisa.
Momentuz, Galdakaok galdu duen azken auzoa, Gumuzioko Kortederra izan da XIX. mendearen erdialdean, Etxanori saldua. Boroaraino doan lur zatia da, garai hartan baso zabal bat eta baserri gutxi batzuk zituenak.
Elexaldeko Andra Mari eliza zaharkitua eta urruti gelditu zelako, Zabalea auzoan eliza berri bat egiteko baimena lortu zuen Galdakaok 1818. urtean. Usansolo-Oinkinak, parrokia berriaren eraiki-tokia euren kalteetan zela aldarrikatuz, banatzeko aukera helarazi zuen. Ordutik, Usansolori beste auzo batzuk gehitu zaizkio: Arteta, Labea, Lekubaso, Lekue, Gorozibai, Ordaine eta Uraska.