Galdakaon Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea onartu du udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Hamaika Telebista
Galdakaoko EAJk herrian Emisio Gutxiko Eremuak ezartzeko ekintzak «lehen baino lehen martxan jartzea» eskatu dio Udal Gobernuari. Atzo, ekainak 27, eskatu zuen udal osoko bilkuran aurkeztutako mozioan, eta udalbatzak aho batez onartu zuen.
Atzo, ekainak 27, osoko bilkura antolatu zuen Galdakaoko udalbatzak eta zenbait gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Besteak beste, EAJk aurkeztutako mozio bat aho batez onartu zuen udalbatzak, Galdakaon Emisio Gutxiko Eremuak ezartzeko.
Eusko Jaurlaritzak 2030erako Euskadiko lehen Airearen Kalitate Plana onartu du, eta, Galdakaoko EAJ-PNVren hitzetan, horren ondoren, «poluzioa eta airearen kalitate-maila hobetzeko funtsezko erronkei heldu behar diegu, pertsonen osasunean eragindako ondorio negatiboak minimizatzeko», BINKEk jaso zuen moduan,
Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleen bozeramailearen hitzetan, planean hamaika jarduera-ildo jasotzen dira, eta bakoitzak garatu beharreko ekintza-talde bat du. Ekintza horiek hainbat alderdiri egiten diete erreferentzia, bai emisio poluitzaileak murrizteari, bai gure udalerriko airearen kalitatea hobetzeko beste irtenbide batzuk indartzeari.
Galdakaoko eskola-inguruneetan neurketak egin ondoren, aztertutako ikastetxe bakar batek ere ez lituzke beteko OMEren zehaztapenak. «Zazpi ikastetxeetatik hiru bakarrik daude 20 mikrometroen azpitik; gainerako laurek indize hori gaindituko lukete, eta indize hori OMEk 10 mikrometro baino gutxiagorekin gomendatutako indizearen gainetik dago», azaldu dute jeltzaleek. «Airearen kalitate txarrak gaixotasun kronikoak eta garapen-arazoak eragiten ditu, eta haurren osasunari kalte handia egiten dio», azpimarratu du Agirregoikoak.