Gaur iritsiko da Galdakaora Ukrainatik ihesi doan lehenengo familia
Gerra
BINKE / 2022ko martxoa
Gaur iritsiko da Galdakaora Ukrainatik ihesi doan lehenengo familia
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Reuters agentzia
Errusiak Ukrainaren aurkako gerra hasi zuenetik, milioika ukrainar beraien herrialdetik ihesi dabiltza. Horietariko lehenengo familia gaur arratsaldean iritsiko da Galdakaora. Udalak egingo dio harrera. Migrazio zinegotziak etxebizitza hutsak dituzten herritarrei dei egin die, ukrainar errefuxiatuak hartzera animatzeko.
Errusia Ukraina bonbardatzen hasi zenetik, milioika batzuk ukrainar dabiltza euren herrialdetik ihesi. Bigarren Mundu Gerratik eman den exodorik handiena bizitzen ari da Europa, eta gehienak Poloniako mugetatik ari da Ukrainatik ihesi; bertatik Europan barrena errefuxiatzeko.
Ihes egiten ari diren gehienak emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak dira, eta asko Euskal Herrira ere iristen ari dira. Horietariko familia bat, oraingoz, Galdakaora ere iritsiko da gaur arratsaldean zehar, martxoak 10.
Hainbat urtetako oporraldiak Galdakaon igaro dituen Txernobilgo ume bat, bere bi ahizpak eta ama hartuko ditu gaur Galdakaoko Udalak. Udaleko Migrazio zinegotzi den Nerea Orozkok egingo die harrera pribatua, eta ondoren haientzako prestatutako etxera lagunduko die. Etxebizitza hau Udalak larrialdi egoeretarako uneotan erabilgarri duena da.
«Bizilekuak eta dirua dira, gaur egun, Ukrainako errefuxiatuen premia larrienak asetzeko behar diranak», adierazi du Udalak ohar bidez, «eta horreei lagundu gura deutsien eta etxe hutsak daukiezan herritarrei dei berezia egin gura deutsiegu».
Horrela ba, etxe hutsen bat dutenek edota euren bizilekuan familia edo ukrainarren bat hartu gura duten herritarrek ondoko bideetatik egin dezakete harremana:
Ukrainarrak etxean hartzeko
- Galdakaoko Udala (Nerea Orozko):
944 01 05 06 edo norozko@galdakao.eus - CEAR Bizkaia:
94 424 88 44 (19:00ak arte) edo 679013654 (larrialdiko arreta, 19:00etatik 07:00ak arte)
CEAR errefuxiatuen laguntzarako lanean jarduten duen elkartea da eta urte askotako esperientzia du. Bada, elkarte honekin elkarlanean hasi da Galdakaoko Udala, erakundearen esanetan, «beharrak, ekarpenak eta laguntzak modu zentralizatu eta ordenatuan bideratu daitezen eta herrian sor litezkeen laguntzak bideratzeko bitartekari lanean aritzeko».
Albiste honekin lotuta…