Geltokia Erdigunean plataforma batzen jarraituko da Metroko obretako kamioiak gelditzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Geltokia Erdigunean plataforma Meatzetan batu zen astelehen goizean eta Metroko obretako kamioiak gelditu zituen. Gaurtik aurrera berriz batuko dira hainbat egunez Meatzetan 09:15ean helburu berdinarekin, «Geltokia Usansoloko erdigunean lortu arte».
Usansolotarrek Metro geltokia erdigunean eskatzen jarraitzen dute eta Geltokia Erdigunean plataformak hainbat mobilizazio antolatu du azken asteetan aldarrikapen honen harira. Astelehenean, uztailak 1, Meatzetan batu ziren 09:15ean eta auzokideekin batera Metroko obretako kamioiak gelditu zituzten, BINKEk jaso zuen moduan.
Jon Atxutegi plataformako kidearen hitzetan, «borrokatzen jarraituko dugu geltokia erdigunean lortu arte», eta horregatik gaurtik aurrera berriz batuko dira hainbat egunez Meatzetan 9:15ean obretako kamioiak gelditzeko helburuz. Hauek dira Meatzetan batuko diren datak: gaur, uztailak 5; eta hilak 8, 10 eta 12.
«Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak gure eskaera onartu arte mobilizazioekin jarraituko dugu», azpimarratu dute plataformatik.