Gotzon Barandiaran: «Gure helburu nagusia kulturzaleak sortzea da»
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Gure helburu nagusia kulturzaleak sortzea da»
Sormenek bete du bere lehenengo edizioa, eta balorazio arin bat egiteko batu da Binke Gotzon Barandiaran ekimenaren arduradunarekin. Bere esanetan, Sormeneren helburu nagusia kulturzaleak sortzea da.
Sormene amaitu berritan Gotzon Barandiaran (Galdakao, 1974) ekimenaren arduradun artistikoa izan denarekin batu da Binke. Idazlea eta kulturgilea, oro har, baina musikaren munduari ere oso lotuta dago Barandiaran. Ekimen berriaren inguruan jardun gara berarekin.
Aurreikuspenak bete dituzue? Aurreikuspenak bete doguz, bai. Guk lau ildotan lan egin gura gendun, eta horri jagokonez bete doguzala esan geinke.
Zeintzuk dira lau ildo horrek? Sormena sustatzea, plazak eskaintzea, hedabideekaz lan egitea eta transmisioa lantzea. Horrek dira lau ildo nagusiak.
Zelan egin daiteke lan transmisioan? Ba, esaterako, aste barruan goizero ikastetxeei eskaini deutsieguzan saioakaz. Bertan marrazkigintza, literatura, musika, dantza edo antzerki tailerrak eskaini deutsieguz ikasleei eta saio laburrak izan badira be, oso gustura jarraitu dabezala uste dogu. Sikieran hainbat irakaslek esan egin deuskue, datorren ikasturtean, bertan ikasitako batzuk landuko dabezala ikastetxean.
Baina zer da zehazki tailer hauetan landu dutena? Sormen prozesuak zelakoak diran, batez be. Askok ez dakielako antzezlan bat zelan hasten dan be, edo abesti bat zelan sortu daitekean, dantzan modu errezean zelan egin, zein dan ilustrazio profesional batek jarraitzen dauan prozesua…
Eta tailerretatik kanpo, zer eskaini digu Sormenek? Bereziki emakumeen begirada izan dauan euskarazko kulturgintzaren Euskal Herri mailako lagin bat erakutsi gura izan deutso Sormenek Galdakori eta bertaratutako guztiei.
Binkek bideoz jaso zituen kulturzale batzuen iritziak, eta baten batek publikoan jende gutxi egon izanaren pena agertu zuen, «ekimenak merezi baitzuelako». Pandemia egoera batean eta Sormeneren lehenengo urtea izanda lanaren emaitza baloratzea oso gatxa da. Ez dakigu zergatik etorri dan jende gehiago edo gutxiago, baina argi daukaguna da epe ertain-luzera begira landu beharreko ekimena dala hau. Helburu batzuk markatu behar doguz eta kulturgintzaren ekosistema danon artean indartu. Bide horretan egindako lehenengo hazia baino ez da hau.
Helburuak aipatu dituzu, baten bat aurreratzerik bai? Hamar urteko epean Galdakon zein Euskal Herrian kulturzale gehiago sortzea eta, horren eraginez, euskararen erabileran be eragitea da.
Gure Herrian ez daukagulako kulturzale nahikorik sortzen dan guztia kontsumitzeko. Sorkuntza modu iraunkorrean sustatzea be lortu behar dogu, hezkuntza arautuan eta ez-arautuan…
Streaming bidez ere eskaini dira saioak. Ohituta gaude kultura horrela kontsumitzera? Ba egia esan harrera oso ona izan dabe saioek! Ez da ohikoa euskarazko eskaintza batez gozatzen ehun lagundik gora egotea. Eta horixe izan da errepikatu dan kopurua, batzuetan askoz gehiagogaz be!
Herritarrei mezurik bidaltzerik bai? Ereiten hasi garala, eta datozen urteetan herriko kultur eragileekaz batera osatu beharko dogula Sormene, kultur ekosistema gakldakoztarra danon artean indartzeko.