Iroa Pekes eta Muebles Alberto saltoki galdakoztarren erakusleihoak saritu ditu Bizkaidenda elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Galdakaoko Udala
Bizkaiko Merkatarien Elkarteen Federazioak Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu du eta honetan, besteak beste, Galdakaoko bi saltokik jaso dute aitortza: Iroa Pekes eta Muebles Alberto.
Bosgarrenez Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketa antolatu du Bizkaidendak, Bizkaiko Merkatarien Elkarteen Federazioak. Txapelketaren helburua Bizkaiko erakusleiho onenak saritzea da eta aurten Galdakaoko saltoki bi saritu dituzte beste hainbaten artean.
Batetik, 0 eta 6 urte arteko haurrentzako arropa saltzen duen Iroa Pekes, eta bestetik, altzari, barne diseinu eta interiorismoan aditua den Muebles Alberto.
«Bi dendak zoriondu nahi ditu Galdakaoko Udalak, herriko saltokien kalitatea nabarmendu nahi
du, eta erosketak tokiko komertzioetan, auzokideen dendetan, egitearen garrantzia
nabarmendu nahi du», adierazi du Udalak, «Galdakao ez litzateke den bezalakoa izango bertoko denda eta ostalaritzarik ez bagenu» azpimarratuz.