Jon Irazabal: «Igoeraren gakoa taldearen elkartasuna izan da»
Jon Irazabal, Amorebieta futbol taldeko jokalaria
BINKE / 2021eko ekaina
«Igoeraren gakoa taldearen elkartasuna izan da»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Amorebieta futbol taldeak historia egin zuen maiatzaren 23an, Badajoz taldea 0-1 irabazi ostean. Historia egin duen taldeko kide da Jon Irazabal galdakoztarra, eta bera ezagutzeko aukera izan du Binkek.
Sinistu gabe elkartu ginen Jon Irazabal (Galdakao, 1996) Amorebieta SD taldeko futbol jokalariarekin. Mirandes taldearekin ere bizi izan zuen futbol ligaren Bigarren Mailara igotzea, baina hau ustekabea izan du. Lana utzi eta futbolari erabat profesional bilakatuko da galdakoztarra, eta berarekin izan gara.
Bigarren aldia bigarren mailara igotzen zarena, nola bizi duzu Amorebietaren igoera? Amorebieta taldearekin Bigarren Mailara igotzea guztiz ustekabea eta berezia izan da guztiontzat. Nik uste oraindik ez garela jabetzen lortutakoak duen zailtasunaz, eta denbora luzez talde honi buruz hitz egiten jarraituko dela uste dut. Ligaren hasieran, gure helburua lehen hiruren artean sartzea zen, Lehenengo RFEF mailan jokatzeko. Helburu hori lortzeko ere jende gutxik zuen konfiantza gugan, Racing edo Real Union bezalako aurrekontu handiagoko aurkariak kanpoan utzi behar baikenituen. Hala ere, jardunaldi pare bat jokatu ondoren konturatu ginen helburu hori lortzetik gertu egon gintezkeela. Hori bai, erronkarik zailena zalantzarik gabe, Play Off igoera izan zen. Nire kasuan, azken hamar minutuetan jabetu nintzen igoeraz, hori bai, nire bizitzako hamar minuturik luzeenak izan ziren.
Talde modura, zeintzuk izan dira ligaz igotzeko izan dituzuen gakoak? Gure igoeraren gakoa taldearen elkartasuna izan da. Lehen egunetan jabetu nintzen taldekideen ahalmenaz. Euskal jokalariez osaturiko taldea izanik, guztion artean primeran moldatzen ginen. Ikustea besterik ez zegoen egoerak uzten zuenean nola jaisten ginen denak batera tabernara eta guzti hori zelaian nabaritzen zen. Gaitasun aldetik gure gainetik egon zitezkeen taldeen aurka jokatzen genuenean ere gure arteko harremanak asko laguntzen zuen. Gainera, partida batzuk jokatzeko zorterik izan ez duen jendeak lagundu izan digu behar genituen uneetan.
Aukerarik izatekotan, hurrengo urtean taldean jarraituko duzu? Gustatuko litzaidake jarraitzea eta taldeak irabazten duen sariez gozatzea. Uste dut Bigarren Mailatik ikasteko eta lehiatzeko talde ona izango dela, nahiz eta erronka oso zaila izango den.
Coronavirusa medio, zelakoa izan da jarraitzaileen jarrera? Pena izan da hain urte polita bizitzea eta familiak, lagunek eta zaleek gertuagotik bizi ez izana. Egia da Play Offeko finalean, igoera ikusteko aukera izan zutela, eta hori bai, Badajozekoak baino askoz gutxiago ginen arren, oso polita izan zen jendeak nola laguntzen eta animatzen gintuen ikustea.
Galdakaori buruz, zelan ikusten duzu herriko futbol egoera? Covid-aren egoera dela eta, beheragoko kategorietako gazteek bizi behar izan duten geldialdiak izorratzen nau. Orain entrenamenduez goza dezakete, nahiz eta garaietara egokituta egon, baina laster asteburuetan partidak jokatu ahal izatea espero dut. Galdakaoko lehen taldeari dagokionez, denboraldi bikaina egiten ari da. Hirugarren Mailara igotzetik oso gertu dago, eta asko poztuko nintzateke azkenean lortuko balute. Jokalari batzuk ezagutzen ditut eta beraien gaitasuna ikusita, maila altuago batean egotea merezi dutela uste dut, egia esan.