La Caixa Fundazioaren ‘LabEmprende’ lantegi ibiltaria Galdakaon izango da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: La Caixa Fundazioa
Bartzelonako CaixaForum zentroan izandako arrakastaren ondoren, lantegi ibiltaria bihurtu du La Caixa Fundazioak ‘LabEmprende’ proiektua. Honen helburua gazteen gaitasun ekintzaileak piztea da eta Galdakaon izango da eguaztenetik, urtarrilak 10, barikura bitarte.
Gazte eta ikasleen gaitasun ekintzailea pizteko helburuz, La Caixa Fundazioak ‘LabEmprende’ proiektua jarri zuen martxan Bartzelonako CaixaForum zentroan. Han ekintzailetzaren alorreko hezkuntza eta trebakuntza eman zuten eta arrakasta ikusi ondoren, ekimena lantegi ibiltaria bihurtu zuten antolatzaileek.
Eguaztenetik, urtarrilak 10, eguenera bitarte esaterako Galdakaon izango da ‘LabEmprende’ autobusa, Agirre Lehendakariaren plazan 9:00-14:00 eta 16:00-19:00 ordutegian. Honetan lantegi multimedia eta interaktibo batean aritzeko aukera ematen duen jarduera-laborategi batez gozatu ahalko dute parte-hartzaileek, eta, bertan, «ekintzailetzaren kontzeptua ikasiko dute, bai eta jarrera ekintzailearen ezaugarriak eta balioak ere».
«Guztiz moldatuta dagoen unitate mugikor bilakatutako autobus baten barruan gauzatuko da esperientzia, mugikortasun urriko pertsonak jardueran zehar autobusean sar daitezkeela ziurtatzeko, bai eta jardueretan parte hartzeko gai direla ere», azaldu dute La Caixa Fundaziotik.
Espazioan, arretaz diseinatutako esperimentazio-guneak daude, «apurka-apurka ekintzailea izatea zer den jabetzen joan dadin publikoa»:
- 0. Ekintzaile izatea jarrera bat da.
- 1. Ekintzaileak gara.
- 2. Begiratu. Ikasi behatzen.
- 3. Pentsatu. Soluzio berritzaileak.
- 4. Egin. Ideiatik negoziora.
- 5. Hasi. Nahi baduzu, ahal duzu
‘LabEmprende’ bigarren hezkuntzako taldeei dago zuzenduta batez ere, baina 18 urtetik gorako pertsonentzako heziketa-zikloetan espezializatutako eskoletako taldeek ere har dezakete parte, baita helduen eskoletako taldeek eta familia-taldeek ere.
Informazioa gehiago lortu daiteke 900 101 493 telefonora deituz edo ingo@labemprende.com helbidera idatziz.