Laura Pinto: «Herri feminista izatea da gure helburua»
Laura Pinto, Udaleko Berdintasunerako teknikaria
BINKE / 2020ko martxoa
«Herri feminista izatea da gure helburua»
TESTUA: Emakume taldeak, talde feministak eta Binke
Oraingoan ez da Binke izan elkarrizketa egin duena, Galdakao eta Usansoloko emakume talde zein talde feministak izan direlako atal honetan Udaleko Laura Pinto Berdintasunerako teknikaria elkarrizketatu dutenak, talde bakoitzak galdera bat eginez.
Bost urteko ibilbide laburrean denetarikoak izan dira Binkek argitaratutako edukiak emakumeen inguruan: talde guztien ordezkariak batuta sortutako solasaldiaren erreportajea, hauen iritzi artikuluak, talde feministek argitaratutako artikuluak… Zerbait desberdina egiteko asmoz, orain Galdakaoko eta Usansoloko talde feministak eta emakume taldeak izan dira Laura Pinto Udalaren Berdintasunerako teknikaria elkarrizketatu dutenak.
Azken aldian zelako eboluzioa ikusten ari zarete herrietako elkarteetan, emakumeen ahalduntzeari dagokionez? (Mirari) Emakume elkarteek Galdakaon zein Usansolon oso pausu garrantzitsuak eman dituzte emakumeen bizimodua hobetzeko, historikoki lan itzela egin dute ahalduntze prozesuan. Eta gaur egun ere horretan dihardute irmo. Baina, eredu sozialaren transformazioa lortzeko talde feministak ere ezinbestekoak dira. Eurak barik ez da aldaketarik gauzatuko. Azken urteotan, gainera, Galdakaon eta Usansolon, mota ezberdinetako elkarte berriak sortu dira, emakumeek horren beharra ikusi dutelako.
Galdakaoko emakumeen etxeak nolako eragina izango du emakume elkarte desberdinen arteko harremanean? (Erabide) Emakumeen etxea ez da toki soil bat izango. Emakumeen etxea proiektu oso bat da eta helbururik nagusienetariko bat elkarteen arteko elkarlana bultzatzea da eta sinergiak sortzen dituen topagune bilakatzea. Beraz, mugimendu feminista indartzea ere du helburua. Horrezaz gain, Emakumeen etxea emakumeak ahalduntzeko eta emakumeen bizitzak hobetzeko eta, ondorioz, gizartea hobetzeko proiektua da, hain zuzen ere, partaidetza ardatza izanik. Beraz, emakumeen etxeak bermatzen du emakumeen indarrak biderkatzea eta mota guztietako emakumeak (bertokoak, migranteak, nagusiak, gazteak, ideología ezberdinenetakoak,…) batzea helburu bateratu batekin.
Instituzioen aldetik, formakuntza falta edota feminismoan oinarritutako erantzun falta nabari izan duzue? (Usansoloko Talde Feminista) Ba bai. Kontutan hartu behar da feminismoak gizartearen transformazioa bilakatu nahi duela. Feminismoa ez da aldarrikapen erraza. Indibidualki zein kolektiboki erabateko transformazioa aldarrikatzen du eta, zentzu horretan, eguneroko jarrera da arlo guztietan eta une guztietan. Ondo planteatzeko eta erreibindikatzeko, formazioa behar-beharrezkoa da hitz hutsaletan ez gelditzeko. Orain dela gutxira arte, feminismoak polemika sortzen zuen, ez zen erraza planteatzea zenbait proposamen foro askotan, baita aurrerakoienetan ere, eztabaida sortu eta kuestionatzen zelako. Azkenengo urteetan, ordea, gauzak aldatzen ari dira.
Zein da emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko diseinatu duzuen ibilbide-orria? (Erlantza) Gure ibilibide-orria hirugarren Berdintasunerako Udal Plana da. Hortan markatzen dira hurrengo urteetan Udalak garatuko dituen berdintsunerako politikak. Iaz, aho batez onartu zen udalbatzan eta helburua Galdakao herri feminista bihurtzea da. Batetik, Udalaren politikak transformatzea eta, bestetik, herriaren baloreak, jarrerak eta portaerak, indibidualak nahiz kolektiboak, aldatzea.
Zein da zuen lana Udalaren barruan eta zelakoa da zuen esku-hartzea auzoetan? (Basandere) Berdintasun Arloko lanak bi zutabe ditu: herria eta Udala. Herrigintzako lanak dira: elkarteei aholkularitza, laguntza teknikoa, dirulaguntzak tramitatzea, eskaerak bideratzea… Gainera, ikastetxeetako heziketa afektibosexualari buruzko tailerrak, indarkeria matxistaren kontrako kanpainak jaietan, berdintasunerako ikastaroak, martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko ekintzak, Berdintasunerako Jardunaldiak, sentsibilizazio kanpainak… Barrura begira: genero ikuspegia arlo ezberdinetan txertatzeko formazio-ekintzak, udal araudiak, aholkularitza,… Barne lan hau oso inportantea da, politika feministak egiteko udal politika guztiek feminismoa besarkatu behar dutelako.
Genero ikuspegia ezartzen al da udalaren esparru guztietan —azpiegiturak, jaiak, aurrekontuak, kirola…—? (Mairi) Lehen esan dudan moduan, genero ikuspegiaren txertaketa politika publikoetan ezinbesteko lana da. Bide horretan gabiz baina oso prozesu geldoa da…
Etorkizunera begira, zeintzuk dira Galdakao herri feminista izateko ikusten dituzuen erronkak? (Momoak) Erronka garrantzitsuenak, oro har, gure inguruan daudenekin bat datozenak. Galdakaok berezitasun batzuk dituenez, udalerri honetan bereziki indartu behar ditugunen artean hauek aipatuko nituzke. Lehentasunezkoa dena: indarkeria matxistaren prebentzioa, detekzioa, koordinazioa eta biktima diren emakumeen arreta hobetzea. Programa hau Udalaren agendan dago, funtsezko eta premiazko proiektu gisa. Bestetik, lehen aipatutako emakumeen etxea izatea emakumeak ahalduntzeko, indarrak batzeko eta prozesuak modu kolektiboan garatzeko. Eta epe laburrera edo ertainera garatu beharreko hirugarren proiektu bat zaintzak bizitzaren erdigunean ezartzeko balioen aldaketara bideratutakoa izango litzateke. •