«Maiatzeko Santakurtzak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2022ko maiatza
Santakurtz jai bi daukaguz Gorbeialdean, bata maiatzaren hirukoa eta bestea irailaren hamalaukoa. Maiatzekoan, Kristoren Gurutze Santuaren aurkikuntza ospatzen da, eta irailekoan Gurutze Santuaren gorespena. Goazen maiatzekora. Dirudienez, Santa Elena, Constantino erromatar enperadorearen amak aurkitu eban Gurutze hori Jerusalemen, mirari bat bitarteko. Denboraren porasuz, jai-ospatze hori gitxitzen joan dan arren, Zeberion, esatarako, jai handia ospatzen izan da, batezbe, Elbarreneko Santa Kurtz ermita ederrean. Egun horretan elorri zurizko erromatxu batzuk hartzen ziran, arrankalatxu bat egin alborik hara eta zotz bat sartu trabesetara gurutzea eginaz. Gero sorta bat egiten zan eta estukin modura, sarats azalagaz oboan-oboan lotu, erramu dotorea lortuz. Zertarako? Ba, aitu. Elorri zurizko sorta hori bedeinkatu egiten zan Santa Kurtz eguneko meza nagusian eta gero, hartu elorri zuri bedeinkatuok eta, banan-banan, labrantzako solo bakoitzeko ertz baten sartu, urtean zehar uzta onak lortzeko. Sinismenak sinismen, aikor gure herriaren usadio zahar baina polit horren barri, besterik ezean, gure aurrekoen bizibidea ezagutzeko euskal ohituren mundu aberatsean.