«Maratoi berbaren esangura bitxia», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2020ko martxoa
Maratoi berbaren esangura bitxia
Autu-mautuan gatoz, irakurle, kontu kontari. Goazen, bada, joanean-joanean. Jakin gura duzu nondik datorren maratoi hitza? Ahor, horra hor.
Orain dela 2.500 urte persiarrek armada handi bat osatu zuten eta Maratoneko lautadarantz abiatu ziren. Atenas eta Grezia osoa menperatzeko asmoz.Horregatik, Atenas hiriko zaharrak bildu egin ziren:
—Aurre egin behar diegu persiarrei. Bestela, gure zahar eta emakumeek su emango diote gure Atenasi.
Persia eta Atenasko armadak Maratoneko lautadan lehiatu ziren. Atesnatar soldadu bakoitzeko bederatzi persiar zeuden. Hala ere, Atenaskoek persiarrak azpiratzea lortu zuten. Persiarrek ihes egin zutenean, Miltziades greziar buruzagiak Filipidesi deitu zion.
—Filipides, heu haiz gure korrikalaririk bizkorrena. Abia hadi Atenaserantz gure agure-emakumeek hiriari su emanda ihes egin baino lehen.
Maratonetik Atenaseraino 43 kilometroko bidea dago. Filipidesek, bere zauriak garbitu eta bere armak hartu ondoren, lasterrari eman zion.
Mendiak igo eta ibaiak zeharkatu behar izan zituen. Bide erdian, bi soldadu persiarren aurka borrokatu beharra suertatu zitzaion. Baina azkenean, neke-neke eginda, Atenas ingurura iristea lortu zuen. Hiri barrutik, albo-alboka zetorren giza irudi bat ikusi zuen norbaitek.
—Filipides da! Goazen laguntzera!
Lagunak iristean, Filipides ziplo erori zen, ahapeka zioela:
—Irabazi egin dugu!
Ondoren hil egin zen. Egungo Olinpiar Jokoetan, bada proba bat Filipidesen balentria gogora dakarrena. Maratoia, hain zuzen ere, 42 kilometro eta 195 metroko lasterketa luze bezain nekagarria.