Dekantzekoz kuadrillako Maria Casillasek botako du aurten Santakurtzetako txupina barikuan, irailak 11. Momentu bereziaren atarian, gaztearekin hitz egin du BINKEk.
Igerian hautsi dituen errekorrengatik da ezaguna Maria Casillas, baina Santakurtzetan beste erronka baten aurrean jarri dute kuadrillako kideek: txupina botatzea. Dekantzekoz kuadrillak izango du aurten ardura, eta Casillas izango da udaletxeko balkoian izango den ordezkaria.
Urduri, gogotsu ala biak? Biak! Azkenean ardura da baina oso ardura polita eta berezia.
Zuzenean aukeratu zintuen kuadrilak zu izateko txupineroa, edo nola hartu zenuten erabakia? Egia esan inork ez zuen nahi eta nik bai… Ez zan egon aukeraketarik, jajajaja!
Zer izan zen txupinero izango zinela jakitean burura etorri zitzaizun lehenengoa? Ohore bat zala eta ilusio handiagaz hartuko genuela.
Kasualidadea ala ez, beste igerilari batekin gozatuko duzu txupinazoaren unea, Iskander Sagarminaga izango baita pregoilaria. Ilusioz hartu zenuen kidea nor izango zen jakin zenuenean? Esango nuke txupina botatzearen parterik onena dala ia ia!
Dekantzekoz kuadrilla parte-hartzailea eta Santakurtzetan asko inplikatzen dena da. Aurten ere gogotsu ibiliko zarete? Aurten ere gogotsu bai, baina proba asko dira eta nagusitzen ari gara… jajaaja
Zein da gehien gustatzen zaizuen proba? Playbacka!
Hirugarren postua lortu zenuten iaz. Zein da erronka aurten, kuadrilla txapelketa irabaztea? Bizirik irautea, jajaja!




