«Marmokologoak», Julen Gabiria
Urandreak lez
Julen Gabiria Lara
BINKE / 2023ko iraila
Udan ez dagoela albisterik esaten digute, baina zer diren gauzak: albistegien iraupena (telebistakoena, adibidez) betiko bera da. Zerbaitekin bete behar hutsik dagoen espazioa, eta polito bete ere: beroa egiten duenean, beroari buruzko kalakekin («albisteekin» jartzekotan egon naiz), udan ez baita ohikoa beroa egitea; euria egiten duenean, berriz, zerutik behera datorren fenomeno paranormal horri buruz aritzen dira, eta koloretako alertak iragartzen dizkigute (berorako ere balio dutenak); eta aurten, turismo-datuez gain, ostalaritza santu-eta-inoiz-ez-behar-bezain-laudatuaz gain, Tourrak ekarritako onura infinituez gain, nobedade exotiko gisa, marmokak izan dira protagonista, portugesak hain justu. Eta marmokologo bihurtu gara kolpean, lehenago bolkanologo bihurtu ginen moduan, edo ukrainologo, edo epidemiologo, edo auskalologo: badakigu karabela portugesak ez direla marmokak, ezpada hidrozoo sifonoforoak. Ez dakit nola biziraun dugun orain arte espezie gisa, datu hori jakin gabe. Ez dakidan bezala nola biziraun dezakegun espezie gisa, beroa egiten duen bakoitzean ura edan behar dugula errepikatu behar badigute.
Konponbiderik nahi izatera, nik ez nuke proposatuko albistegiak laburtzea, baizik eta pentsatzea udan egon badaudela albisteak: etxegabetzeetako drama pertsonalak, olioaren prezioarekin aberasten ari direnak, Urdaibain egitera doazen megaproiektuaren benetako asmoak eta ondorioak… Udak baditu albisteak, noski; eta denbora ere badu nahi beste, neguan sakon jorratu ezin diren albisteei heltzeko, adibidez.
Baina gaitzerdi: marmokei buruz asko dakigu orain.