Miguel Agirre eta Agurtzane Yurrebaso: «Guk asko sufritu dogu, eta agian hortik dator gure bizitzeko gogo eta poza»
Miguel Agirre eta Agurtzane Yurrebaso, bikote geldiezina
BINKE / 2020ko ekaina
«Ez dogu ulertzen zelan egon leiteken geldirik dagoan gazteria»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Bizitzeko maitasunetik egiten dute berba hilabeteko protagonistek, eta ez dago elkarren arteko berba zein begiraden gozotasunarekin samurtuko ez denik. Ezkondu zirenetik 66 urte bete diren honetan, Bekeako euren baserrian batu gara Agurtzane Yurrebaso eta Miguel Agirre galdakoztarrekin. Lehenengoak 84 urte bete ditu, bigarrenak 91 ekainaren 21ean beteko ditu, eta ez dute gelditzeko asmorik.
Zuek ez duzue gelditzeko asmorik, ezta? Agurtzane Yurrebaso (AY): Gelditu? Hori pentsatu bez! Bizi garan artean gauzak egin behar dira, hori da-eta bizirik gagozanaren seinalerik handiena! Miguel Agirre (MA): Holan da, bai, zeozer konplikatua bada be, haginek estutu eta aurrera! (irribarretsu)
Zuek baino gutxiago mugitzen diren gazteak izango dira ba! AY: Ba ziurrenik bai, ez dakit, baina nik sikieran ez dot ulertzen zelan egon leiken geldirik dagoan gazteria, ezer gutxi bizitzeko gogorik ez daukana. MA: Guk asko sufritu dogu, eta igual hortik etorriko da gure bizitzeko gogoa, badakigu-eta zer dan garai txarrak pasatu behar izatea.
Garai txarrak pasatu dituzuela diozuenean, zer esan gura duzue? MA: Ni gaztetxutatik hasi nintzan beharrean, harrobietatik batetik bestera materiala eroaten. Material horren artean, dinamita be egoten zan, Zugutzutik hartu eta nire kolkoan sartuta bizikletan harrobira eroaten nebana… AY: Niri aitita hil jatan 1937ko maiatzaren 15ean —nik sei hilabete neukazala— eta lau egun beranduago amama, izeko eta lehengusina hil eben faxistek Plazakoetxeko babeslekuan botatako bonba bategaz. Hori pasatu ostean Bekeara joan ginan biziten. MA: Behin Agurtzane eta biok guraso garala, ia 15 urteko alaba bat —Agurtzane izenekoa be— hil jakun eskolan…
Baina hala ere, zuek beti alai. AY: Tristeziak besteei kontatzeagaz ez dogu ezer irabazten, gu beti gagoz pozik eta beti alai. MA: Beti dago pozik egoteko motiboren bat!
Oraintxe bertan, zein saltsatan sartuta zabiltzate? MA: Nik eguna ortuan pasatzen dot, hemen gura beste lan dago-eta! AY: Ni hainbat alkartetan nabil: Geugaz-en ibili nintzan eta oin minbiziko alkartean, elizan laguntzen, Caritas-en, katekesia emoten be 40 urte egin nebazan…
Asko gelditu behar izan duzue koronabirusagatik? MA: Ni egunero ibili naz, kotxea hartu eta Bekeako baserrira etortzen, hamen daukaguzan txakur, oilo eta soloa jagon egin behar diralako. AY: Nik asko gelditu behar izan dot, klaro, nagoan alkarteetan ganera adinekoak garalako eta arriskuko taldeak garala diñoelako… Baina lagunekaz kartetan joatea da gehien bota dodana faltan! (barreka)
Kotxea aipatu duzue. Biok gidatzen duzue? AY: Bai horixe! Ni egoera normalean egunero nabil kotxeagaz batetik bestera, errekaduak egiten! MA: Neuk be, 91 urte egin behar dodaz egunotan baina kotxean ibiltzen jarraitzen dot, orain inguruko herrietatik baino ez naz ibiltzen. Baina Agurtzane asko dabil, herrian ganera gidatzeko baimena izaten lehenengoetariko emakumea izan zan!
Bistakoa da bakoitzak bere bizimodua egiten duela. Garrantzitsua da bikote batean hori? MA: Bai, duda barik. Ni nire kontuetan ibiltzen naz eta bera bere gauzetan. AY: Bakotxari gustetan jakon horretan ibiltea inportantea da, holan pozik bizi gara! Hori bai, bazkaldu eta afaldu, alkarregaz beti!
Asko esaten da gaurko bikote gazteek ez dutela «aguante» askorik bikote harreman batean. Horrela da? AY: Gure sasoiko asko antzera dagoz, baina egia da gazteek gutxiago eusten deutsiela harreman bati, agian bakotxaren afizinoak jagoten ez diralako edo errespeturik ez dagoalako.
«Aguanteaz» eta afizioez ari garela, Miguel, zurea bai «aguantea» bizikletan, ezta? MA: Bueno, ahal dodana egiten dot! (barreka) Sasoi honetan Upora, Gorbeiara edo inguruko herrietatik ibiltzen naz. Udan barriz Lekeitiora joaten naz bizikletan, gero Agurtzane joaten da kotxeagaz eta bertan pote batzuk hartu eta bazkaldu egiten dogu! AY: Baina bizikletan bakarrik ez, oinez be mendira sarritan joaten da!
Inoiz izan duzu ezustekorik? MA: Behin Asua ingurutik bizikletan noala, bide barriak egin dabezela konturatu nintzan eta gura barik autopistan sartu nintzan. Aurrera egitea erabaki neban, baina zuhur ibili nintzan eta peajetik pasatu nintzan, nik ezer esan barik bertoko beharginak ni ikusi eta Ertzaintzara deitzeko. Eta holantxe izan zan! (barreka) Ertzaina batzuk kotxean etorri jatazan eta eurek lagundu eustien autopistatik urtetan, euren atzetik joateko esanda!
Tira, horrek badira izan dituzun arazo guztiak, gaitz erdi! AY: Laztana! Kontatu Upotik behera pasau jatzuna! MA: Ezebez! Orain dala gutxi, Upotik behera bizikletan noala «entretenidute» joan nintzan antza eta konturatu barik harritxuak daukazan leku batetik pasatu eta jausi egin nintzan. Berna mindu egin neban eta, odolez beteta, bizikleta barriro hartu eta Basauriko anbulatoriora joan nintzan ni bakarrik, inori deitu barik. Berton osatu eta Galdakora buelta egin neban!
Zer egiten duzue ba hain osasuntsu egoteko? AY: Ondo jan, ahal dala etxeko janariak, eta nik bizikleta be egiten dot hemen bertan, Miguelek bizikleta zahar bategaz estatiko bat eraiki eusten-eta! (barreka) MA: Ni gelditu barik ibiltzen naz soloan eta mendian, bizikletagaz eta oinez, eta janariak osasuntsu egiteaz aparte, ez naz «pikatzen» ibiltzen ordu artean.
Zelan ikusten duzue zuen inguruko adinekoen egoera, koronabirusa dela eta? AY: Jendea bildurragaz dabil. Askok etxetik be ez dau urtetan, seme-alabek egiten deutsiez errekaduak eta eurek etxetik mugitu barik dabilz —edo sikieran ibili dira—. Ezer egin barik ibiltzea gaixotzeko modukoa da, kontuz ibili behar da horregaz! MA: Jendeak bildurra sartuta dauka gorputzean igual telebista asko ikusten dabelako. Guk ez dogu apenas ikusten, denborarik be ez daukagulako!
Orokorrean, zeren inguruan ibiltzen zarete zuen sasoiko emakumeen artean? AY: Berba gitxi egiten dogu guk, ez deuskue ixten-eta! Kartetan olgetako gelditzen garanez, askok kartetan baino ez dabe ibili gura. Baina niretzako kartetan joatea aitzakia bat da lagunartean berbaz ibiltzeko…
Errealitate gordinaz egin dezagun berba. Zelan daramazue zuen adineko jende asko hiltzen dala ikustea? MA: Bizitzaren legea horixe da, eta normala da jendea «joaten» dabilela ikustea, sasoia dogu-eta. AY: Baina okerrena ez da hori, txarrena bizitza bizi barik zenbat jende joaten dan ikustea da. Horretarako, hobe lehenago joan! Esan deutsuedan moduan, niri lau egunetan aitite, amama, izeko eta lehengusina joan jatazan, alaba bat be ia 15 urtegaz, baina gurasoak be gaztetatik joan jatazan: ama 59 urte egin barrigaz eta aita 34 urtegaz. MA: Desgraziak eurak bakarrik datoz, horregaitik da inportantea hiltzen zaranerako bizimodua ondo aprobetxatuta joatea!
Zuk Miguel, aldatuko zenituzke zure txikitako garaiak oraingo sasoiagatik? MA: «¡Ni pa´tras!» (barreka). Ni positiboa naz eta egiten dodan guztiagaz disfrutatzen dot orain be. Lan egin behar izan dodanean —transportista enpresa bat izan neban— gustura egin dot lana. Bardin-bardin egin behar badozu, zertarako biziko zara ba triste!? AY: Egin kontu, Miguel bera autonomoa zanez, bezerorik ez galtzeko oporretan be ez ginan joaten! Egunero egiten eban lan!
Gaztetatik ibiltzen zinen kamioiarekin? MA: Klaro! Hamazortzi urte baino gitxiago neukazala be batetik bestera ibiltzen nintzan kamioiagaz lanean, gidatzeko baimena eukin barik be! Baina «grisek» —orduko poliziak— gelditzen ninduenean ez eustien ezer esaten.
Zelan ba ez zizuten gidabaimenik eskatzen!? MA: Gaur egun Peña Santacruz dagoan etxean jaio nintzan ni, eta txokoa dagoan lekuan taberna izan genduan. Bertan gelditzen ziran «grisak» be, errepide nagusia zalako, eta amak tabernan ondo tratatzea gura baeben, baekien zer egin! (barreka)
Eta zu Agurtzane, zertan ibili zara? AY: Etxeko beharrak egiten ibili naz bizitza osoan, eta josten be guretzako eta hainbat lagun eta alkarterentzako. Baina kobratu bako lanak egiten ibili naz beti.
Ikasteko aukerarik ez? AY: Nik maistrea izan gura izan dot beti, asko gustatzen jataz umeak eta erakutsi ahal izatea, baina alaba ikastera bidaltzeko aukerea dirudunek bakarrik izaten eben sasoi haretan, eta nik etxeko beharrakaz konformatu behar izan dot. Baina horregaz be, beti pozik! (irribarretsu)
Oporrak aipatu dituzuela lehen, behin erretiroa hartuta egingo zenuten ba bidaiarik! AY: Eta egiten jarraitzen doguz! Jubilatu barri edo pitin bat lehenago bai egin genduan bidaia bat Mexikora, baina hori baino lehenago ezebez. Orain, biok erretiroa hartuta, hainbat egiten doguz! MA: Daborduko zazpi bat «kruzero» edo gurutzaldi egin doguz! (barreka) AY: Erretiroa hartu ostean biok osasuntsu egotea eta alkarregaz gozatzeko denbora izatea gauza handia da, eta guk zorte hori izan dogu —eta daukagu— egia esan! Aurrera ba! •