Mikel Fernandez galdakoztarrak «Gernika 85» obra sinfonikoa zuzenduko du
Kultura
BINKE / 2022ko apirila
Mikel Fernandez galdakoztarrak «Gernika 85» obra sinfonikoa zuzenduko du
ARGAZKIA: AiVídeo
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
Martitzenean, hilaren 19an, iragarri zuen Aitor Etxebarria gernikarrak bere jaioterriak bizi izan zuen bonbardaketa gogoratzeko obra sinfoniko bat sortu duela: «Gernika 85». Hainbat musikari desberdinekin egindako lana izan da hau, tartean, galdakoztar bat dela: Mikel Fernandez orkestra zuzendaria. Fernandezen eta lan honen nondik norakoak jakin gura?
Aurten beteko dira 85 urte tropa faxistek Francoren aginduz Gernika eta Bizkaiko zein Euskal Herri osoko zenbait herri bonbardatu zutela. Gogoangarria da ordea Lea-Artibaiko herriak bizitakoa, latzena akaso beste herrien aldean, eta era berean oroituena.
Urteurren berezi honetarako martitzenean iragarri zuen Aitor Etxeberria gernikarrak obra sinfoniko bat sortu duela, bere bizitzako lehena. Ekainaren 30ean da aurkeztekoa, «Gernika 85» izenez gorpuztu duen obra sinfonikoa Bilboko Euskalduna jauregian, eta hainbat artista zein talderen laguntza izan du egiterako orduan, eta izango du oholtza gainean aurkeztean. Besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Evelyn Glennie perkusionista edo Gaudeamus korala arituko dira berarekin batera lana aurkezten, baina hauek ez dira bakarrak.
Argitara emateko prentsaurrekoan, horrenbeste musikariren artean, taula gainean galdakoztar bat ere arituko dela adierazi zuten, zuzendaritza lanetan gainera. Duela sei hilabete Binkek berarekin hitz egiteko aukera izan zuen eta zenbakiaren azala izan zen Mikel Fernandez da bera. Galdakoztar gazteak bere orkestra zuzendari ibilbidearekin dirau eta atzerrian den arren lan honetan parte hartzeko aukera izateaz gain, sorterrira da itzultzekoa obra hau aurkezteko. Iraila aldera Binkeri helarazi zionez «zuzendari gazte bat orkestra baten aurrean jartzea beti izango da suzko froga bat». Erronka makala beraz, oraindik 25 urte dituen galdakoztarrarentzat.
Askok jakingo dutenez, Maximo Moreno Udal Musika Eskolan izan zuen Fernandezek musikarekiko lehen harremana, txikia zela, eta bertan ikasi honen oinarriak eta jo lehen instrumentuak. Hortik, lehenik Bilboko Kontserbatoriora pasa, eta bertako oinarrizko ikasketak bukatuta orkestra zuzendari izateko ikasketak egin zituen Oviedon. Ordutik hamaika txokotan aritu da, bizitokia bera Rotterdam (Herbehereak) badu ere, bertan ari baita bi urteko masterra amaitzen, Codarts University of Arts-en. Hala ere, aipagarriak dira Fernandezek orain arte egindako zenbait lan eta eskuratutako hainbat sari, esaterako, 2017an Portugalgo akademia internazional bateko Espezializazio Graduan ikasteko aukeratu baitzuten, eta irailean berriz BOS-ekin gonbidatu aritu zen zuzendari.
Azken lanari dagokionez, Etxeberriak aurkezpenean medio desberdinei helarazi zienez oso gertukoa izan du Gernikako bonbardaketa bere bizitzan, bere familiako hainbat kidek gertutik bizi izan baitzuten hura, eta berari kontatu garai hartan bizi izan zituzten bizipenak. Ez da gainera lehen aldia Gernikako bonbardaketaren harira musikarekin lanen bat egiten duena, konfinamendu garaian Lobak herri ekimenaren baitan parte hartu baitzuen Moxalekin batera, 1937an hildako herrikideak omenduz. Aurkeztu berri duen azken pieza hau, hala ere, orain arte egin dituen lanen aldean pisu handiagoa du, obra sinfoniko baten aurrean baikaude, honek atzetik dakarren zama eta lan guztia nolakoa den jakinda. Estetika minimalista eta paisaia eszentrikoen arteko uztarketaren emaitza izan da ondokoa, osotara bost urte iraun dituena.
Datuak datu, bi hilabeteren biran ikusiko dugu Mikel Fernandez galdakoztarra taula gainean, gidari lanetan, beste «suzko froga» baten aurrean.