Miren De Regil: «Esperientzia txapela baino politagoa izan da»
Miren De Regil, Euskadiko pentatloi txapelduna
BINKE / 2021eko otsaila
«Esperientzia txapela baino politagoa izan da»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Miren De Regilen artxibotik
Utzita izan du atletismoa Miren De Regil kirolariak, eta modalitate honetara bueltan irabazi du Euskadiko pentatloi txapelketa. Kategoria absolutuan txapeldun berria da galdakoztarra. Donostiako finalean ateratako argazkian ageri da Miren, erdian.
Txikitatik ibili da Miren de Regil Gil (Galdakao, 1997) atletismoaren munduan, baina aurten pentatloian trebatzen hasi ostean Euskadiko pentatloi txapeldun absolutuaren domina irabazi du 3.106 puntu eskuratu ondoren. Berarekin izan gara, eta gertutik azaldu dizkigu bere hasierak, bere egunerokotasuna, etxeko konfinamendua eta kirola egin beharra, konfinamendu osteko kirola praktikatzearen moda eta beste hainbat kontu. Zorionak, Miren!
Atletismoa utzi eta bueltan txapelketa bat irabazi duzu. Pozik emaitzarekin? Bai, egia esan pozik nago emaitzarekin nahiz eta jakin oraindik ere hein handi batean emaitzak hobetu ditzakedala; hala ere, esperientzia polita izan da eta honek emaitzak baino garrantzi gehiago du.
Zergatik hasi zinen atletismoaren munduan? Eta pentatloiekin? Atletismoan txikitatik nabil, gurasoen eraginagatik delakoan nago eta gustura hartu dut hau nire bizitzan. Pentatloiarekin aurten hasi naiz; betidanik gustatu izan zaidan proba bat da, bost probaz osatuta dagoena, non proba bakoitzean zure onena atera behar duzun. Orain arte pertika jauzian zentratua egon naizenez, inoiz ez diot horri behar izan duen denbora eskaini. Pertika aurten bigarren maila baten dagoelarik, pentatloia entrenatzeko momentua izan da eta egia esan lana aurrera eramateko gogotsu nago.
Zertan oinarritzen dira zure entrenamenduak? Astearen arabera nire entrenamenduak egokitu behar ditut, baina normalean bost edo sei egunetan entrenatzen dut astean. Egun bakoitzean gauza desberdinak lantzen ditut; adibidez, asteko bi egunetan indarra lantzen dut pisuekin eta indarreko ariketa espezifikoak eginez. Beste egun batean abiadura eta lasterketa teknika, eta besteetan landuko ditudan proben teknikak egiten ditut. Entrenamenduak bete-beteak dira eta gauza asko lantzen diren neurrian, oso entretenigarri eta beti dibertigarriak iruditu izan zaizkit.
Atletismoaren barruan praktikatzen dituzun espezialitateak entrenatzeko, oztoporen bat daukazu herrian? Duela hamar urte hasi nintzen Galdakaotik kanpo entrenatzen. Arrazoi nagusiak pertika jauzia entrenatzeko instalazio eza eta entrenatzaile egoki baten falta izan ziren. Gaur egun eta aurreko denboraldian hasita, Durangon entrenatzen dut Durango Kirol taldearekin batera, eta oso pozik nago egindako aukeraketarekin.
Zelako ondorioak izan ditu konfinamenduak zure entrenamenduetan? Konfinamenduak nire egoera fisiko maximora eta teknikoki momentu gorenera bizkorrago heltzera eragotzi dit. Kirolari askori gertatu zaien fenomenoa izan da hau, hala ere, nahiko forma onean mantendu naiz. Konfinamenduan egia esan, atletismoarekin erlazionatutako entrenamenduak alde batera utzi eta beste kirol desberdinak probatu, ikasi eta disfrutatzeko momentu ona zela pentsatu nuen, beraz, eguneroko kirol dosia beste iturri batzuetatik hartzea erabaki nuen, eta aipatu beharra daukat oso ondo etorri zitzaidala bururako.
Konfinamendutik irten ginenean jende asko hasi zen kirola egiten, baina azken aldian grina hori gutxitu egin da… Nire ustez konfinamenduan jende asko konturatu zen kirolaren botereaz, horren bitartez lortzen baita osasun fisiko eta mentala. Horregatik kirola norberaren bizitzaren parte izan behar da, ez konplementu bat; askotan erraz ahazten baikara bere garrantziaz. Nik mendiarekiko sortu zen zaletasun polita oraindik ere bultzatzen dut, inguruak aztertzean, leku berriekin topatzean eta aire garbiz birikiak betetzean gorputza garbitzen dugulako. Gainera, gaur egun daukagun bizitzari arnas garbiak emateko aukera ona da.
Kirolari ikuspuntutik, zelan ikusten dituzu zure inguruko gazteak? Nire bizitzak kirola behar du, eta bai nire barruan eta bai guztiengan berdina gertatzea gustatuko litzaidake. Baina aldi berean, nahiko irreala iruditzen zait jende guztia kirolari bihurtzea. Argi daukat bizitza honetan norberak jarri behar dituela bere lehentasunak eta horren arabera bakoitzak jarriko du kirola toki altuago edo baxuagoan.
Euskadi mailako emakume txapelduna izanda, zelan ikusten duzu emakumearen irudia kirolean? Emakumeak gero eta indar handiagoa du atletismoan. Nire ustez beste kiroletan gure lekua bilatzen ari gara, baina aztertu izan dudanez adin batera heltzean emakumeek ikasketengatik edo dena delakoagatik kirol federatua utzi egiten dute. Hau da, gizonekin gertatzen ez den bezala, emakumeok filtro handi bat jartzen dugu adin batera heltzen garenean eta kirol federatua edo beste zereginetan murgiltzen gara. Emakume horiek kirola egiten jarraituko dute, baina kirol federatuak indarra galtzen du nagusitzen garen heinean eta pena handia da horren erruz kirolari emakume asko galtzea. Honen guztiaren aurrean eta nire ustez, kirol federatuan emakume figura ezagunak indartzea ezinbestekoa da, gure ondorengoek emakume erreferenteak izan behar dituztelako eta haien motibaziorako ezinbestekoak baitira.
Zein da zure hurrengo helburua? Nire hurrengo helburua ni neure buruarekin gustura eta pozik sentitzea da, bai atletismoan eta baita atletismotik at ere. Finean, horren arabera agertzen dira benetako emaitzak. Jakina, entrenamendu on eta planifikatu bat izanda eta behar besteko gogoekin, emaitza onak izatea gustatuko litzaidake. Aldi berean, pertika jauziarekin dudan erlazioa landu eta hobetu gura dut. •