«Munstroak existitzen dira», Yayone Altuna
Meraki
Yayone Altuna Charterina
Emakumeen kontrako indarkeria ez da «kontu» berri bat; historian zehar modu askotara bizi izan da, protagonista batzuentzat beren beldurrezko pasabiderik gogorrena, eta tamalez, askorentzat, bere istorioaren amaiera.
Ez du axola jaioterriak, kulturak, erlijioak, klase sozial edo momentuak; guztiek dute komunean zerbait: emakumearekiko gorrotoa edo indiferentzia —sentimendu eta eskubiderik gabeko objektu bailiran—. Senarra hilez gero, emazteari, haren hilotzen ondoan bizirik su emateko ohitura Indian, bere azken betebehar moduan. Bikote bati delitu bat leporatzen bazitzaion emakumeak bakarrik jasotzen zuen zigorra Grezia zaharrean. XIV medeko Frantzian, emaztea haserrealdi batean hiltzen zuen senarrak ez zuen zigorrik jasotzen damutzen zela zin egiten bazuen. Modu heterosexual batean jardun eta bizitzeko emakumeek jasan behar zuten indarkeria zuzentzailea. Mutilazio genitala eta beste obstetrizia indarkeria batzuk, hala nola, erditu ostean eta senarraren oniritziarekin emakumeari baginako sarreran ematen zitzaion puntu extra, senarrak harreman sexualetan plazer handiagoa lor zezan etorkizunean. Ezkontzera beharturiko neskatoak eta esklabutza sexuala. Ohoreagatiko erailketak; mendeku gisa ustezko erantzulearen familiako emakumeak bortxatu eta hiltzen zituzten…
Atzean geratu diren ipuinak dirudite, baina izena baino ez diogu aldatu: sexting, doxing, gromming, ziztadak… Munstroak existitzen dira, letagina eta atzapar zorrotzak izan beharrean, irribarre gozo bat eta laztanak darabiltzate. Ez dira ohepean edo armairuan izkutatzen.