«Norberaren gaitasunetan sinestea da abiapuntua», Ane Legarreta
Iritzia
Ane Legarreta Mendez
BINKE / 2022ko martxoa
Norberaren gaitasunetan sinestea da abiapuntua
Eta lan egitea, dudarik gabe.
Martxoaren 8a gure egutegietan egun adierazgarria da ESAS sarearentzat eta ez bakarrik egun hau ospatu eta gure eskubideak aldarrikatzera kaleetara aterako garelako. Urte bete igaro da proiektua ezagutzera eman genuenetik, Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak aurrera darrai eta eskuartean ditugu jarduera anitz.
- Getxoko Muxikebarri aretoan MMusika Zikloa. Martxoaren 5ean eskaini genuen gure lehenengo kontzertua hainbat euskal emakume konpositoreren obrak estreinatuz: Zuriñe F. Gerenabarrena, Eva Ugalde, Inge Conde, Uxue Rincón. Hurrengo kontzertuak apirilak 9 eta maiatzak 15 izango dira. Apirilean Ahaire Eho zeharkako txirula emakumezko laukoteak parte hartuko dute eta Maiatzean Soinuaren Bidaia Kantuan proiektuko musikariek.
- Bilborock espazioko EguHaztenak Zikloa. Maiatzaren 11n emango diogu hasiera ziklo honi eta Musax Ensemble taldearekin egingo dugu estreinaldia, 9 emakumez osaturiko saxofoi taldea da, oso potentea.
Martxoaren 8an bertan Musikenen izango gara solasaldi irekia eskaintzen eta emakume musikari gazteen egungo ikuspegia elkarbanatzen azaldutakoekin eta jarraian kontzertu bat eskainiko dugu euskal emakume konpositoreen obrak interpretatuz: Maria Luisa Ozaita, Emiliana de Zubeldia, Zuriñe F. Gerenabarrena, Emma Chacón etab.
Lehen urte honetan elkarte gisa eratu gara, balio ikaragarriak dituzten beste elkarte batzuekin aliantzak egin ditugu, obrak estreinatu ditugu eta artista zoragarriak izan ditugu, bai musikaren arlokoak, bai ikus-entzunezkoak, bai literaturakoak. ESASen funtsezko balioetako bat elkartearen osagai soziala da, interes artistikoa partekatzen duten pertsonen arteko topagune bat sortuz, haien izaera eta jatorria edozein izanik ere.
- Datu-base bat sortzen hasi gara gure sareko kide izan nahi duten emakume guztiekin, banaka zein kolektibo gisa. Horretarako, inprimaki bat daukagu, beti irekita dagoena, gure webgunean —www.esas.eus—.
- ESASek enkargatu eta estreinatutako obren artxibo bat sortu du.
- Gida didaktiko bat sortu dugu, obrei, egileei eta interpreteei buruzko informazioa biltzen duena. Gida hau etengabe ari da garatzen eta hazten. Askotan, eta egiten dugun lanaren arabera, ikastetxeek, irakasleek eta publikoak eskura dezakete.
- BBK Kunaren inaugurazioan musika jartzen aktiboki parte hartu genuen.
- Galdakaoko kulturaren gunea kudeatzeaz arduratzen gara, eta, urtean zehar, hainbat proposamen egiten ditugu, herria eta, batez ere, bertako ikasleak inplikatzeko: Sormene.
- Musikan berdintasunaren aldeko mahaian parte hartu dugu Eusko Jaurlaritzarekin.
- Finalista izan gara, Estatu mailako 402 proiekturen artean aukeratuak, Gira – Mujeres de Coca –Cola deialdian.
Eta gure helburua lortu arte lanean jarraituko dugu: emakumez osaturiko orkestra bat sortzea. Ahizpatasun ekintzailetzan duen indarraren konbentzimenduan, ESASen leloa hau da: Elkarrekin ozenago entzuten zaigu.