Oposizioak Olabarrietako arazoa konpontzea eskatu dio Udalari, eta honek erantzun
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Mapio.net
Udalak kultur ondarearen katalogo berriaren barruan sartu ditu Olabarrietako etxe gehienak eta auzokideak erabaki honen kontra agertu dira. Oposizioak arazoa konpontzeko eskatu dio Udal Gobernuari eta honek alegazioak aurkezteko denbora handitu du, besteak beste. Alde batek eta besteak esandakoak batu ditugu ondoko albistean.
Abenduko udal osoko bilkuran Galdakaoko kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu zuen udalbatzak eta pasa den astean aurkeztu zuten aurrerantzean babestuta egongo diren eraikinen zerrenda. Lehen hamalau ziren eta handitze honekin hirurogeita zazpira igotzea onartu zuten, «urteetan desagertzen joan den ondarea babesteko asmoz».
Katalogo berri honen barnean Olabarrieta auzoko etxeak sartu zituzten. Zehazki, auzokideek 120 familiei eragiten dieten erakinak sartu direla adierazi dute eta erabakiaren kontra agertu dira. Haien iritzia kontuan izan gabe hartu dela salatu dute eta Udalarekin izandako bileretan kaltetuen artean kontsulta bat egitea eskatu zioten.
Galdakaoko PSE-EEk gaiaren inguruan «informazio eta transparentzia falta» egon dela salatu du eta konponbide bat bilatzea eskatu dio Udal Gobernuari. Sozialistek hainbat galdera egingo dizkiote Udalari. Batetik, kulltur ondarearen katalogoan sartu diren eta kontra agertu diren auzokideen kexak kontuan hartuko dituen galdetuko dio eta baita Olabarrietako auzokideek eskatzen duten kontsulta egingo duten ere. Bestetik, «galdetuko diogu ea uste duen herriaren interes orokorrerako onura bizilagunei eragindako kaltea baino handiagoa den».
Galdakaoko EAJ taldeak ere Udalari eskakizun bat egingo dio: «Erraztu eta estal dezala, beste batzuetan bezala, Olabarrietako bizilagunen plataformak eskatutako kontsulta, euren etxebizitza partikularrak ondare katalogoan sartu ostean bizilagunen jarrera ezagutzeko». Gainera, bi galdera egingo dizkio: «Kaltetutako pertsona guztiei zehatz-mehatz jakinarazi al die, EAJ-PNV bezala, dagokion sailak onartu aurretik eta hasierako fasean ere?» eta «gobernu taldeak auzokideei irtenbideak emateko beharrezko neurriak hartuko al ditu eta horrela, haiek dioten bezala, euren etxebizitzak Katalogo honen parte izan ez daitezen?».
Honen aurrean, Udal Gobernuak, oraindik interesdunek aurkeztu nahi dituzten alegazioetarako tartea ireki ez denean, katalogoaren onarpenaren tramitazioa moteltzea erabaki du, «jabeek izan ditzaketen zalantza guztiak biltzeko are denbora gehiago emateko asmoarekin». Hortaz, alegazioak aurkezteko 30 eguneko epearen hasiera ere geldiarazita geratu da.
Halaber, tarte honetan hainbat neurri hartuko dituela iragarri du Udalak. Honen erabaki.galdakao.eus parte-hartze plataforman gune bat prestatuko du informazioa eskuratzeko eta otsailaren 6tik 17ra bitartean auzotarren zalantza eta kezka guztiak bilduko ditu plataforma horren bitartez eta presentzialki. Zalantzak aurkezteko aukera izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean otsailaren 4an eta 17an, 18:00etatik 20:00etara eta Galdakaoko udaletxean hilaren 8 eta 15ean, 18:00etatik 20:00etara.
Hori bakarrik ez eta informazio bide bat ere prestatu dute WhatsApp eta Telegram bidez, 688 830 479 zenbakian herritarren zalantzak argitzeko asmoz.
Bestalde, Udal Gobernuak otsailaren amaieran informazio saio orokor bat antolatuko du eta katalogoak batzen dituen elementu guztiak otsailaren 17ra arte Torrezabalen dagoen erakusketaren bitartez ezagutu daitezkela gogoratu du.