Pirineoetara irteera antolatu du Ganguren Mendi Taldeak astebururako
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Dzmitrock87
Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak Pirineoetara irteera antolatu du astebururako. Zapatuan, irailak 28, abiatuko dira eta domekan Petit Vignemale (3.032 metro) mendia igoko dute. Hemen batu dugu ekintzan parte hartzeko jakin beharrekoa.
Hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak. Santakurtzetan esaterako, ohikoa den Ganguren mendira irteera antolatu zuen eta ehunka pertsona batu ziren.
Asteburu honetan mendira bueltatuko dira, kasu honetan Pirinioetara. Zapatuan, irailak 28, abiatuko dira Galdakaoko udaletxetik 7:00etan eta domekan Petit Vignemale (3.032 metro) mendia igoko dute.
Ekintza honetan parte hartzeko ezinbestekoa da federatua egotea eta kranpoiak eta pioleta eramatea. Informazio gehiago ezagutu daiteke Ganguren Mendi Taldearen webgunean.