Pirinioetako Bidean Laina mendia argiztatuko dute Galdakaok eta Usansolok
Erabakitzeko eskubidea
BINKE / 2022ko urtarrila
Pirinioetako Bidean Laina mendia argiztatuko dute Galdakaok eta Usansolok
ARGAZKIA: Gure Esku
TESTUA: Jon Gomez Garai
Uztailaren 2an Pirinioetako 300 gailur argiztatu gura dituzte Gure Eskuk eta Kataluniako ANC eta FEEC erakundeek, «nazioarteko komunitatearen arreta geureganatzeko eta herrion autodeterminazio eskubidearen aldeko ekimen deigarri bat egiteko».
Gure Esku dinamikak, ANC Assemblea Nacional Catalana eta FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya erakundeekin batera —eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzarekin—, Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra antolatuko dute uztailaren 2an.
Zapatu horretan, Pirinioetako Bidea edo Via Pirinenca deitu dioten ekimena egingo dute: farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute ehunka herritarrek Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Ekimen honekin, «Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea» aldarrikatuko dutela iragarri zuten pasa den zapatuan, urtarrilak 29, Gure Eskuko bozeramaile diren Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk Bilbon: «Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde».
Guztira 300 gailur argiztatuko dira katalan eta euskaldunen artean, eta euskal herritarrei 115 gailur egokitu zaizkie, Jaizkibeletik (Gipuzkoa) Benasqueraino (Huesca). Gailur hauek gainera, zailtasunaren arabera banatu dituzte —Berriak egindako grafikoan bereizi daitekeen bezala, berdez herritar guztientzako zabalik izango diren gailurrak eta gorri kolorez mendizaleen elkarteetako kide trebatuek bakarrik igoko dituztenak—.
Giza-kateetan egin izan den bezala, herrietatik autobusak antolatuko dituela iragarri du Gure Eskuk, eta mendietara ahalik eta jende gehien eramateko asmoa dutela onartu.
Galdakaori eta Usansolori —Basaurirekin, Zaratamorekin eta Etxebarrirekin batera— Behe Nafarroako Bidarrai herrian kokatuta dagoen Laina mendia (869 m.) igotzea egokitu zaie, eta herri hauetatik gutxienez 250 pertsona beharko dituztela adierazi diote Gure Eskutik Binkeri.
Datozen egunetan aurkeztuko dituzte gure herrietako Gure Esku batzordeek ekimenaren xehetasun gehiago.
Hala ere, maila nazionaletik aurreratu egin dute izen ematea martxoan jarriko dutela martxan, www.pirinioetakobidea.eus webgunearen bidez, eta partaide bakoitzak 10€ ordaindu beharko dituela: horietatik 5€ antolakuntzaren gastuei aurre egiteko bideratuko dira eta beste 5€ istripu zein erreskateetarako asegurua estaltzeko —federatuta dauden parte hartzaileek dagoeneko badute asegurua, eta beraz, antolakuntzara bideratuko diren 5 euroak baino ez dituzte ordaindu beharko—.