«Plastikozkoak ote gara?», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2021eko urtarrila
Plastikozkoak ote gara?
Gaur, zalantzarik gabe, munduko kezkarik handiena Covid-19a mendean hartzea da. Behin hori lortuta, pandemia honek eragindako krisi ekonomikoa gainditzea izango da eupadarik larriena. Baina hil ala biziko arazo horrek, ezerezean zokoratuta utzi du ingurumenaren ardura latza, eta ez luke horrela izan beharko.
Munduko koarentenaren ondorioz, plastikozko gaien ekoizpena eta kontsumoa asko handitu da; batez ere, erabilera bakarreko plastiko-gaiena. Gorakada hori sail guztietan eman da. Gehien-gehien, ospitaleetan: eskularruak, mantal iragazgaitzak, betaurrekoak, aurpegia babesteko biserak, etab. Ekonomia eta industria sailean ere plastikozko gai berri asko ezarri dira: eskularru eta musukoez gain, bezero eta langileen segurtasuna areagotzen duten babes-manparak, esaterako. Etxe barruan «sartuago» bizi garen aldi luze honetan ere asko ugaritu da plastikoen erabilera. Mundu osoan milaka milioi lagunek musukoak darabiltzagu, eta hondakin hori gaizki kudeatzeak, ezbehar larriak sortzen ditu itsasoetan. Ez genuke ahaztu behar plastikoek sortutako kutsadura dela planetako ingurumen-arazo nagusietako bat, 2019an argitaratutako Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren azken txostenaren arabera. Izurrite hau sortu baino lehen, gizartea jabetzen hasita zegoen plastikoen jasangarritasun arazoez. Hala ere, birusaren zabalkundeari eutsi beharrak, plastikoaren beharrizana ekarri du, eta ezinbesteko gaitzat hartu dugu denok.
Lurbira osoa zabortegi erraldoi bihurtu baino lehen, behar-beharrezkoa dugu plastikoen ordezko material jasangarriak asmatu eta erabiltzea. Gure hilburuan inork ez dezala idatzi: «Plastikoa gara, eta plastiko artean plastikotuko gara». Hara gure hurrengo erronka!