Torrezabal Kultur Etxea, bizitzaz beteriko 30 urte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Ander Elordui eta Josu Lezameta
Duela 30 urteko azaroaren 26an inauguratu zen Torrezabal Kultur Etxea, Galdakaon eta hemendik kanpo erreferente bihurtu dena. Erabilera anitzeko eraikin hau kulturari espazio handiagoa eman eta herritarrei baliabide hobeak eskaintzeko helburuz jaio zen, eta ehunka ekintza hartu ditu urte hauetan zehar. Eraikinaren historiari buruzko errepasoa egin dugu ondoko erreportaje sakonean.
Galdakaon eta herriaren mugetatik kanpo erreferente bihurtu den Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu aurten. 1994ko azaroaren 26an egin zen aretoaren inaugurazioa eta ordutik ehunka ekintza hartu ditu eraikinak. Mugarria ospatzeko egitarau zabala antolatu du Galdakaoko Udalak azken hilabeteetan, eta ekitaldi berezia egin zuten azaroaren 24an areto nagusian, herritarrak, udal ordezkariak eta kultur eragileak batu zituen saioan.
«Egun batean bilakatu zen bizigai» izan da 30. urteurrena ospatzeko aukeratutako leloa, Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak sortutakoa. Duela 30 urte bera izan zen eraikinari Torrezabal izena jartzeko arduraduna eta honen jarraipena egin nahi izan du leloarekin: «Zabala eta denontzako espazioa izatea nahi genuen eta lortu dugu. Egunero dago zabalik, bizirik eta hori oso garrantzitsua da. Xabier Leteren hitzak batu ditut batetik bizirik dagoela azpimarratzeko eta bestetik, euskal kulturari omenaldia egiteko».
Espazio handiagoak. Hain zuzen, aretoak herriari eskaini dion bizitasuna nabarmendu du ere Juanmi Ereñok, gaur egun Galdakaoko Udalaren Kirola, Kultura, Gazteria eta Jaiak arloen koordinatzaileak, eta kultur teknikaria izandakoak: «Torrezabal jaio aurretik lokal batzuk baino ez zeuden herrian ikuskizunak hartzeko eta herriko elkarteak batzeko, besteak beste, gaur egun ESAN bulegoa dagoen tokian, Bekean, Txapelenan…». «Torrezabal Kultur Etxeak ordea, espazio handiagoak eta batez ere baliabide askoz hobeak eskaintzeko aukera zabaldu zuen, herriko elkarteentzako eta orokorrean herritarrentzako», azaldu du Ereñok.
Proiektua 1988 eta 1989 urteen artean idatzi zen arren, Torrezabal eraikitzeko obrak ez ziren 1992ra arte hasi. «Arazoak egon ziren hasieran, batez ere zuloa egiterakoan, azpitik erreka igarotzen baita», gogoratzen du Ereñok. «Oroitzen ditut ere plazaren erdian zegoen kioskora heltzeko musika taldeek zituzten arazoak. Han kontzertuak egiten ziren eta Torrezabalen obraren hesia hain handia zen, ezin zirela ibilgailuekin igaro. Orain Dog & Fox jatetxea dagoen lekuraino heltzen ziren taldeak eta handik portadoreekin eraman behar genituen tresna guztiak», oroitzen du barrezka.
Egokitzapenak. Hogei hilabete baino gehiago iraun zuten obrek eta prozesu honetan bisita egin zuten Kultura arloko arduradunek Hirigintzakoekin batera. Arkitektoarekin hitz egiten hasi ziren, galdezka espazio bakoitza zertarako balio izango zuen. Espazio hauetako batean gelditu eta telebista plato bat izango zela azaldu zieten.
«Gure harridura itzela izan zen, izan ere, momentu horretarako Galdakaoko telebista desagertuta zegoen. Torrezabalen proiektua desagerpen hori baino lehen idatzi zenez, haientzako leku bat egokituta zegoen eta irratiarekin berdin. Mozoilo Irratiaren egoitza ere Torrezabalen egotea aurreikusita zegoen baina azkenean beste toki batera joan ziren, ordutegi kontuengatik», azaldu du Ereñok. Espazio handi hau egokitzea erabaki zuten orduan eta gaur egun erabilera anitzak dituzten lehenengo solairuko gelak egin zituzten.
Langileen bulegoak. Aurrerago, bigarren solairuan dauden bulegoak egitea erabaki zuten. «Hasieran Kultura arloan ni eta laguntzaile bat geunden bakarrik baina Udala gero eta gehiago hazten zegoenez, pentsatu zuten Torrezabalen guk lan egiteko tokia egokitzea. Gaur egun hainbat arloko langileak gaude hemen eraikinean: Kultura, Gazteria, Euskara eta Hezkuntza, Berdintasuna… », azaldu du udal langileak. «Beraz, Torrezabalentzako egin zen proiektutik hainbat espazio ez ziren jaio, paperean geratu ziren, eta gerora erabilera anitzeko eraikina bihurtu da», adierazi du, egunerokoan eraikinak duen bizitasun hori nabarmenduz: «Udal langileak, elkarteak eta herritarrak batzen dituen eraikina da».
Aldaketak. Liburutegia, zinema eta areto nagusia ere hasieratik Torrezabal Kultur Etxean egon diren espazioak izan dira, areto nagusiak azkenaldian aldaketak jasan dituen arren. Pasa den urteko abenduan aldatu behar izan zuten, honen zorua arazoak ematen zituelako, eta behin behineko bat jarri zuten. Aldaketa hau egitean konturatu ziren beste hainbat elementu hobetu behar zirela eta aretoa eraberritzeko erabakia hartu zuen Udalak. Moketako zoru berria jarri, eserlekuak berriztu, isolamendu akustikoa jarri eta suteen aurkako hainbat neurri ezarri dituzte, besteak beste. «Eserlekuen kasuan eta plangintza osoan inklusiboagoak izatea bilatu dugu», nabarmendu zuen Edurne Espilla zinegotziak lanak azaldu zituenean.
Zaharrean edo berrituan, ehunka artista igaro dira Torrezabaleko areto nagusiko oholtzatik. Azken urteetan Izaro, Itziar Ituño, Nogen, Jon Maia, Hika Teatro konpainia eta beste hainbat artista ikusteko aukera izan da, eta Sormene Galdakaoko sorkuntza plazaren, Kaiola Festibalaren eta Musika Astearen lekuko izan da ere Torrezabal. «Herritarrek kulturaz gozatzeko aukera izateko helburua genuen hasieran eta uste dut lortzen joan garela. Maila handiko ikuskizunak eskaini dira hemen eta hori urteetako lana da», nabarmendu du Ereñok, hasieran zuten aurrekontua gaur egun dutenarekin konparatuz «askoz eskasagoa» zela azalduz.
Maila handiko ikuskizunak. Hala ere, gogoratzen ditu antzina Torrezabalen egindako «maila handiko» emanaldi batzuk, hala nola, Ruper Ordorikak, Bixente Martinezek eta Joseba Tapiak osatutako Hiru Truku musika taldeak egindakoa: «Lehen ez zegoen sare sozialik eta kartelen bitartez zabaltzen ziren ekitaldiak. Galdakaoko kontzerturako taldeak ez zuen kartela egiteko denborarik izan eta guk egin behar izan genuen. Orain normalagoa den arren, garai horretan ez ziren hainbeste estreinaldi egiten hemen eta guretzako oso berezia izan zen maila horretako musikariak gurera etorri nahi izana. Asko disfrutatu genuen denok saio hori».
Lehenengoz Madrileko konpainia bat Torrezabalera etorri zen aldia etorri zaio ere burura Ereñori atzera begiratzean. «Tentaciones taldea izan zen, 1995ean, eta momentu horretan pil-pilean zeuden Andoni Ferreño eta Cristina Higueras ziren aktoreak. Oso ondo gogoratzen dut hau oso momentu polita izan zelako ere guretzako», azpimarratu du.
Gizartearen aldaketen lekuko. «Herritarrekin, elkarteekin eta artistekin bizitako uneak dira azken finean eraikin hau bizigai egiten dutenak. 30 urte hauetan asko aldatu da gizartea eta horren lekuko izan da Torrezabal Kultur Etxea. Horrela izaten jarraitzea opa diot, galdakoztarrentzat erreferente izaten jarrai dezan, herriari kulturaz gozatzeko aukera emanez», dio Ereñok. •